Lizarraldeko Tenerías Omega enpresa ez da itxiko eta 84 lanpostu mantenduko dira

Villatuertako Tenerias Omega-ko Enpresa Batzordeak jakinarazi du lantegiko jarduerarekin jarraitzeko bi eskaintza daudela eta ez dutela lantegia itxiko.

2025-ko urtarrilak 22

Tenerías Omegako Enpresa Batzordeak atzoko egunean jakin zuen lanpostu guztiak kentzeko EEE Enplegua Erregulatzeko Espedientea gelditu dutela, jarduerari eusteko asmoa duten bi erosketa eskaintza daudelako.

Bi proiektu ezberdin dituzten bi eskaintza dira, batean 44 lanpostu mantenduko lirateke, eta bertzean, 40 lanpostu.

Batzordeak hasieratik esan zuen lantegiaren egoera txarraren arrazoia kudeaketa eskasa zela, “lana eta eskaerak egon bazeudelako”. LAB eta ELA sindikatuek salatu dute ez zela berregituraketa bat planteatu ere egin “eta bai enpresak eta bai Konkurtso Administrazioak, hasiera-hasieratik, ahalik eta lasterren itxi eta prozesua Fogasara bidali bertzerik ez zuten egin nahi izan”. Hala ere, langileek ez zuten hori onartu eta mobilizazioei ekin zieten faktoria ez ixteko helburuarekin.

“Orain, epaileak zein eskaintza onartu zain egon behar da, eta, ondoren, 15 eguneko epea egonen da beharrezkoak diren alegazioak egiteko. Albiste ona da gure eskualdearendako, baina etorkizuneko zuzendaritzarekin negoziatzen jarraituko dugu berriz lanean hasteko prest dauden langileen zerrendak adostasunez egiteko eta itzuli nahi ez dutenentzako aterabiderik onena bilatzeko”, esan dute sindikatuek.

Gehiago