Gizain mobilizatu da bere langileen baldintzak foru administrazioko langileenekin parekatzea eskatzeko

LAB eta CCOO sindikatuek eginiko deialdiari erantzunez, Gizaingo langileek –Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko gobernuaren fundazioa– elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean.

2025-ko urtarrilak 21

Azaroaren 26ko grebaren ostean, LAB eta CCOO sindikatuek mobilizazio zikloa abiatu dute gaur, aldarrikapen hori agenda politiko eta mediatikoan mantentzeko. Gutxi gorabehera bi astean behin Gizaingo langileek elkarretaratzea eginen dute, bai departamentuaren aitzinean eta baita lantoki ezberdinen ondoan ere.

LABek eta CCOOk mobilizazioak proposatzen jarraituko dute, ia bi urte geldirik daramatzan egoera hau desblokeatzeko. Sindikatu horien iritziz, onartezina da Nafarroako Gobernuak zuzenean kudeatzen duen enpresa publiko bat 2023ko hasieratik bere hitzarmenaren negoziazioan blokeo batekin egotea. Are gehiago, Gizaingo langile batzuk Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialaren hitzarmen sektorialak adierazten duenaren azpitik ordaintzen ari dira.

Gehiago