Preso eta iheslariak etxeratzeko bidean salbuespen neurriekin amaitzea eskatu dute milaka lagunek Bilbon
Berriz ere, Bilboko Autonomia kalea bete dute milaka eta milaka euskal herritarrek euskal preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko Sare Herritarrak deitutako manifestazioan.
2025-ko urtarrilak 11
Bilboko kaleak ilusioz eta esperantzaz betetzeagatik eskerrak eman dituzte antolatzaileek. Euskal presoen eskubideen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeaz gain, gaurkoan ere azpimarratu nahi izan dute presoen egoera konpondu ezean “ez dagoela normaltasunik” eta elkarbizitzaren oinarria konponbidea dela aldarrikatu dute, “justiziazko bakera hurbiltzeko bide bakarra delako”.
Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta elkarte ezberdineko ordezkaritza zabala izan da gaur Bilboko kaleetan, eta baita ere nazioartetik etorritakoak ere ikusi dira, bereziki Katalunia, Balear Uharte eta Galiziatik.
Sare Herritarrak gogoratu du sakabanaketa politika gainditzea lortu egin dela eta horrela ere gertatuko dela presoen eskubideak urratzen dituzten gainontzeko politikekin. “Denon artean ekarriko ditugu etxera, erbesteratuekin eta deportatuekin batera. Aurrera goaz. Etapak betetzen goaz. Dudarik gabe nahi genukeen baino motelago, baina ongi goaz”, azpimarratu du Bego Atxak.
Atxak zerrendatu ditu sakabanaketarekin lotutako eskubideen uraketak: bakartze ziegak, lehen graduak… eta berriki, garaipen berri bat: beste herrialde batean betetako zigorrak aintzat ez hartzea. “Bukatu da presoek jasan behar izan duten zentzugabekeria juridiko nagusietako bat”, ospatu du Atxak.
Aurtengo manifestazioan aurpegi irribartsuak ikusi dira lorpen guzti hauengatik, eta Sarekoek datorren urteari begira hobekuntza desiatu dute. “Baina hobekuntza hori guztion lanaren araberakoa izanen da”, ohartarazi dute. Horregatik lanean jarraitzeko deia egin dute: “Gure zeregina da bultzatzen jarraitzea, baina, horretarako, batera ibili behar dugu, bat egin behar dugu bidean jarri ahal dizkiguten oztopo guztiei aurre egiteko. Batasunetik eta zuzenbidearen eta giza eskubideen aldeko konpromiso militantetik baizik ez diogu bukaera emango konfrontazioz eta sufrimenduz beteriko garaiari”.
Gainditu beharrko salbuespen neurriak
Bego Atxak hurrengo erronkak ere aipatu ditu, gainditu beharreko salbuespen neurri batzuk, oraindik indarrean daudenak. “Batetik, duela 20 urte baino gehiago, euskal gizarteak egun bizi duenaz guztiz bestelako garaietan onartu ziren legeek eragiten dituzten salbuespen neurriak, eta, bestetik, espetxeetako gestioan egunero aplikatzen direnak. Esan beharra dago ezen, gradu progresioei, espetxe baimenei eta zigorrak betetzeko beste eredu batzuei dagokienez, motibazio politikoko presoei aplikatzen zaien tratamendua diskriminatzailea dela beste preso batzuek jasotzen dutenarekin alderatuta. Ez dugu inolako pribilejiorik eskatzen, espetxe politika arruntaren aplikazioa baizik, salbuespenik gabe, diskriminaziorik gabe, abagune politikoaren menpe egon gabe. Gainerako presoei ezartzen zaizkien tratu eta irizpide berberak eskatzen ditugu”, eskatu du bozeramaileak.
“Eskatzen dugu ez daitezela geldiarazi hirugarren gradurako progresioak eta espetxe baimenak, ez eta zigorrak kartzelatik kanpo betetzeko beste edozein eredu ere. Ezarritako zigorrek ezin dituzte presoen eskubideak ezabatu. Ezin diete askatasunerako eskubidea galarazi”, gehitu du.
Zenbait talde politiko eta judizial eta zenbait komunikabide motibazio politikoko presoen kontzientzien aztertzaile bihurtu direla ere salatu du, eta galdetu du “nor dira haiek kartzelan urteak eta urteak eman dituzten pertsona batzuek banaka banaka adierazi duten borondatearen egiazkotasuna, zintzotasuna eta sakontasuna zalantzan jartzeko”. Espetxe zuzenbidearen eta zigor zuzenbidearen helburua ez dela “pertsonen arimaren konbertsioa”, baizik eta “elkarbizitza bermatzea” gogoratu du Atxak, eta presoen konpromisoa bakearen eta elkarbizitzaren alde ezin dela zalantzan jarri aldarrikatu du. “Beraz, ez exijitu preso horiei kartzelan dagoen beste edozein presori lege arruntak exijitzen ez dion ezer. Eta lor dezagun behingoz ziegetako ateak irekitzea, etxera itzultzeko aukera izan dezaten. Espetxe politika arruntak horretarako aukera ematen du”.
Eskubide urraketa guztiak memorian
Euskal Herrian izandako eskubide urraketa guztien gaineko memoria kolektiboa osatzera deitu dute Sarekoek, horien artean “Estatuko terrorismoak eragin dituen hilketak, torturak eta agintearen gehiegikeriak”. Izan ere, Atxak esan du “indarkeriarik gabeko bakeak” ez duela balio “baldin eta bake horrek berekin ekartzen baditu bidegabekeriak eta memoriaren ezabaketa”.
Lokarri guztie hauek askatzea “iraganeko belaunaldiei zor diegu. Baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldiei utzi behar diegu guk geure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izango den gizarte bat”, baieztatu du Atxak.
Gehiago
2