Aroztegiko auziperatuen absoluzioa eskatu du Baztanek
Urtarrilaren 2an urteko lehenbiziko saioa egin zuten, eta bertzeren artean, Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazteko mozioa onartu zuten, aldeko 25 botorekin, kontrako birekin, eta hiru abstentziorekin.
2025-ko urtarrilak 8
Iturria: Erran.eus
Adierazi dutenez, «Aroztegiko proiektuak Lekarozen hotela, golf zelaia eta 228 luxuzko etxebizitza egitea planteatzen du. Baztango etxeen % 36 hutsak edo bigarren etxebizitza direla jakinik, nabarmena da proiektuaren izaera espekulatzailea. Lekaroztarrek eta baztandarrek behin eta berriz proiektuaren kontrako iritzia adierazi badute ere, Nafarroako Gobernua, UGEPa onartuz, proiektua inposatzen tematu da. Herritarren interesak defenditu beharrean, interes pribatu eta espekulatzaileak defenditu ditu».
Horrez gain, «proiektuaren kontrako oposizioan parte hartu duten baztandarrek jazarpen judiziala eta ekonomikoa pairatu dute. Herritarrek beren etorkizunaz erabakitzeko duten eskubidea urratu dute, herri eta nekazarien lurrak desjabetuz, baliabide naturalak kaltetuz, eta desegituraketa soziala zein hizkuntza eta kulturaren gainbehera eragingo lukeen proiektua bulkatuz».
Azkenik, «2021ean kanpaldi baten bidez Aroztegiko obrak geldiarazteko desobedientzia ekimenagatik zazpi auzipetuek pairatzen duten egoera salatu nahi dugu: epaiketa izanen dute eta denetara 20 urteko kartzela eta 56.000 euroko fidantza eskatu diete zigor gisa. Ez da zilegi eta ez da bidezkoa herritarrak eta ordezkariak kriminalizatzea denenak diren lurrak eta baliabideak defendatzeagatik».
Hori dela eta, batzarrak hurrengoa erabaki du:
- Elkartasuna adieraztea Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei, eta beraien absoluzioa eskatzea.
- Baztango herritarrek eta ordezkariek prozesu honetan jasan duten jazarpen judiziala eta ekonomikoa salatzea.
- Herrien burujabetza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, eta pelotazo urbanistiko eta inposizioen aitzinean Euskal Herriko herritarrek beren etorkizunaz erabakitzeko duten eskubidea defendatzea.
- Otsailaren 1ean Iruñean eginen den manifestazio nazionalari atxikimendua adieraztea, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egitea.
- Nafarroako Gobernuari UGEPa gelditzeko eskatzea, bere erantzukizuna baita proiektua behin betirako gelditzea.