Erabakiaren bezperan, presoak etxeratzea exijitu dute kaleetan

PPren espetxe politika "kriminalarekin eta estrategia errepresiboarekin" amaitzeko indarrak biderkatzera deitu du Sortuk. Espainiako Auzitegi Nazionalak bilkura egingo du ostiralean, euskal presoek sakabanaketarekin amaitu eta Euskal Herriratzeko egindako eskaerari erantzuteko.

2015-ko irailak 24

Herriz herriko mobilizazioak egin dituzte iluntzean, Sortuk deituta, Auzitegi Nazionalak presoen eskaerak aztertzeko bezperan. Sortuk beharrezkoa ikusten du euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka indartzea; "mobilizazio sozialen bitartez, babes eta presio politiko eta instituzionala indartuz" aldarazi nahi dute espetxe politika.

Auzitegi Nazionalaren aldetik presoen aldeko erabakirik ez du espero Sortuk: "Pentsa daiteke erabakia aldez aurretik idatzia dagoela Madrilgo gobernuaren eskutik, alegia, orain artekoan jarraitzea, euskal presoen eskaerei bizkar emanez eta hauen senitarteko eta lagunei eragiten zaien kaltea handiagotuz.

Etxerat presoen senide eta lagunen elkarteak, ordea, presoen helegiteen "onarpena besterik" ezin du espero: "Senide eta lagun bezala onartu dezakegun erantzun bakarra. Aldeko erantzun bat, aurrerapauso garrantzitsua litzateke dispertsioarekin bukatzeko".

Gehiago