Euskal Herriko erdigunera martxa bat antolatu du Independentistak Sareak
Urriaren 11an eginen da eta hiru zutabe izango ditu. Ondoren egun osorako egitaraua prestatu dute Irurtzunen.
2015-ko irailak 24
Irurtzuneko Iratxo mendi taldeak, Sakanako mendizaleak eta Independentistak sareak antolatuta Euskal Herriko erdigunera mendi martxa burutuko da urriaren 11n. Martxa hiru toki desberdinetik irtengo da goizeko 9:00etan: Irañeta, Ollo eta Unanutik. Hiru zutabeek bat egingo dute erdigunearen inguruan eta ekitaldi bat burutuko da 11:30ean mugarriaren ondoan.
Euskal Herriko erdigune geografikoa 2004an finkatu zuen Félix Isasak. Euskal Herria bere osotasunean kontutan hartuta burutu zuen azterlanaren emaitza izan zen. Andia mendilerroan kokatuta dago, Beriain mendi tontorretik nahiko hurbil. Olibesario sakonune edo saroian, 1236 metroko altueran.
Mendizaleen munduak antolatutako ekimena
Erdigunea mendilerro hain errefentzialean eta mendi inguru hain ederrean kokatuta egonik, mendi martxa da antolatzaileen ustetan egin daiteken ekimenik "naturalena, eta mendizaleen mundutik antolatua, ezinbestez".
"Euskal mendi taldeak eta mendizale jarduera beti izan dira oso herritarrak eta oinarri sozialean sustraituak. Aldi berean, gure mendi tontorrak euskal herritarren aldarrikapenen lekuko izan dira. Mendizaletasuna beti egon da euskal nortasunari, askatasunari, naturari, herri aldarrikapenei, … loturik. Mendiak gure herriaren historiaren lekuko erraldoi isilak dira. Mendi tontorretatik jabetzen gara ama lurraren handitasunaz eta gure lurrarekiko loturaz", adierazi dute Iruñean egindako agerraldian.
Euskal Herriaren “lurraldetasunaren eguna”
Independentistak Sareak leku hau aukertau du euskal lurraldeen erdigunea delako, "Euskal Herriaren erdigunea. Lurraldetasunaren adierazgarri".
Zentzu horretan, mendi matxa hau “lurraldetasunaren martxa” eta “lurraldetasun eguna” bilakatzen joango litzateke urtetik urtera: euskal herrialde guztietako jendea, Euskal Herriaren bihotzetik, euskal lurralde osoari begira.
Egitaraua
09:00 Hiru zutabeen irteera Irañetatik, Unanutik eta Ollotik.
11:00 Erdiguneko mugarrira iritsi.
11:30 Ekitaldia: Musika; kantua; ordezkari desberdinek hitz-hartzeak; …
12:00 Itzulera. Zutabe bakoitza bere ibilbidetik.
14:00 Irteera tokietara berriro iritsi.
15:00 Bazkaria Irurtzunen.
Mendi martxan parte hartuko duten lagun guztiei egun osoa elkartasunean eta jai giroan igarotzeko aukera eskaintze aldera, bazkaria antolatu dugu Irurtzunen 15:00etan herriko karpan. Txartelak eskuratzeko: www.independentistak.eus webgunen eta 943 561 853 telefonoan.