Aurtengo San Fermin Txikitoak, oztoporik gabe guztien gozamenerako

Irailaren 25, 26 eta 27an ospatuko dira Sanfermin Txikietako jaiak. Auzokide eta bisitari guztientzako moduko ekitaldiak dituzten festak izango dira: kalderete lehiaketak, hamaiketakoak, mus txapelketak, kontzertuak, dantzaldiak... Aurten, Auzoguneak bere ateak zabalduko ditu debekurik gabe.

2015-ko irailak 17

Aurtengo edizioan, Auzogune deituriko espazioa arazo eta barra jartzeko debekurik gabe zabalduko ditu bere ateak Erredin kalean. Bertan kontzertuak, batukadak, elektrotxaranga, DJak, txistulariak, kantautoreak, jotak etab izanen dira. Jai Batzordetik pozik agertu dira "aurten izanen duelako merezi duen baimena", eta jaiak normaltasunez eginen direlako UPNk urtetan zehar sortu dituen arazoak gainditurik. Ildo horretan, txalotu dute orain Udaletxearekin dagoen elkarlana. Auzogunen adin guztietako jendearentzat antolatuko dira jarduerak egun guztian zehar, eta bermuta hartu edo bazkatzeko edo afaltzeko jantokia ere aukera izanen da. Eremu hau berealdiko apustua da, auzokideen auto-kudeaketan du oinarri eta auzoko guztiek parte hartzea nahitaezkoa dela azpimarratu dute. Zentzu horretan, boluntarioak behar direla ohartarazi dute, eta izena emateko animatu dute (auzogunetxandak@gmail.com helbide elektronikoan edo Jai Batzordearen bulegoan bertan, Aldapa kalean).

Osotara, 150tik gora ekitaldi eginen dira, eta guzti hauen artean, azpimarratzekoak ostegunean Alde Zaharreko musika taldeen lehiaketa, ostiralean, eta zenbait urte egin gabe igaro ondoren, streaptease herrikoia, larunbatean adinekoen krossaren hogeita hamabosgarren edizioa, V. irrintzi txapelketa eta bost bazkari herrikoi. Eta igandean, jaiei amaiera emateko, jauziak.

 

Jaiak herritik eta herriarentzat

"Festa handia osatzen duten ekitaldi txiki pila. Auzoko jaia eta auzokoentzat. Jai ezberdina da gure ustez, berezia, hemen egiten diren ekitaldietan ez du diruak agintzen, ekitaldi hauetan ilusioa, irudimena, talde lana, bat-batekotasuna, poza.. dira nagusi, eta neurri handi batean, bertako bizilagunen, ostalaritzaren eta auzoko merkataritzaren laguntzari esker egiten dira, horien laguntzarik gabe ez bailirateke aurrera aterako", adierazi dute Jai Batzordetik.

Eta teknologi berriak jai herrikoietan ere erabilgarriak direla frogatuz, bigarren urtez segidan, nahi duen orok jaitsi ahal izanen du “San Fermín Txikito” mugikor aplikazioa eta bertan aurkitu ekitaldien egitaraua, jardueren ibilbideak, eraso sexistak salatzeko telefonoa eta gauza asko geihago.

Auzokidei kalte txikiena eragiteko asmoarekin, hainbat neurri hartuko dira jaietan. Auzoko hainbat tokitan komunak jarriko dira, garbiketa indartuko da eta zarata eragiten duten jarduerak mugatuko da, iraupen, kokapen, ordutegi edota indarrari dagokienez.

 

Eraso sexisten aurkako kanpaina
Aurten ere abian jarriko dute sexu erasoen aurkako kanpaina; jokabide protokoloa, arreta telefonoa eta emakumeei zuzendutako bi formazio tailer izanen ditu kanpaina honek. Tailer hauek Auzoenean eginen dira, hilaren 19an, larunbata eta hilaren 22an, asteartea.
 

Gehiago