Bigarrenez 11 Kolore Fest jaialdia, larunbata honetan Iruñean
Larunbatean, Euskal Herriko kultur aniztasuna festa giroan aldarrikatuko du EH 11 Kolore taldeak. Ijitoen komunitateari eginen diete omenaldia eta errefuxiatuentzat aipamen berezia izanen dute.
2015-ko irailak 14
Kolorez eta danbor hotsez beteko dituzte Iruñeko kaleak larunbatean. 11 Kolore Fest jaialdia bigarrenez EH 11 Kolore taldeak Iruñean izatea erabaki du. Modu horretan, hiriburua hamaika jatorritako herritarren bilgune bihurtuko da. Aurten, ijito herriko hainbat ordezkarik jaurtiko dute txupinazoa 18:30ean Udaletxe plazatik, eta Ekialde Hurbileko gatazketatik ihesi Europara iristen ari direnak ere hartuko dituzte gogoan.
Goizean 11 Danbor Martxa txikia antolatu dute haurrentzako. Kalejira hori 11:30ean irtengo da Udaletxe plazatik, eta, alde zaharra hainbat batukada talderekin zeharkatu ostean, Paris 365 elkartearen egoitzan bukatuko da martxa. Han, Zirika Zirkus taldeko pailazoak gidatuko ditu umeak, zanpantzar, dantzari eta erraldoi txikien laguntzarekin. Ohi bezala, 11 Danbor Martxa izanen da jaialdiko ekitaldi nagusia, arratsaldean. Kalejira koloretsuak aldarrikapena eta zalaparta eraginen ditu.
Santa Ana plazan, berriz, aniztasun gastronomikoaren jaia eginen dute aurrenekoz. Hainbat herri eta kulturetako ohituretan oinarritutako jakiak dastatu ahal izanen dira, besteak beste, Ekuador, Kolonbia, Bolivia, Venezuela, Argentina eta Galiziako gastronomiakoak. Gainera, musika eta dantza emanaldiak ikusteko parada ere izanen da.