Nordex Energy enpresan lanuzteak eta mobilizazioak egiten ari dira lan hitzarmen duin baten alde

2024-ko azaroak 26

Nordex Energy Spain (NES), Barasoainen fabrika eta zentro nagusia dituen aerosorgailuen fabrikatzailea da. 2016an, Nordex Taldeak, turbina eolikoen fabrikatzaile alemaniarrak, Acciona Windpower erosi zuen, eta Nordex Energy Spain bihurtu zen. Gaur egun, Acciona Taldea da Nordex Taldearen % 47ren jabea, eta plantilla mila eta berrehun pertsonak osatzen dute Nafarroan, berrogeita hamar inguruk Madrilen eta hogeita bostek Castellonen.

Testuinguru horretan, NESek 2020an adostu zuen lehen enpresa-hitzarmena, eta 2022aren amaieran amaitu zen. Nahiz eta Nafarroako Enpresa Batzordeak bide legal eta ofizialetatik eskatu zuen beste bat negoziatzen hasteko, 2023ko urrira arte ez zen negoziazio-prozesua hasi.

Gaur egun, eta 21 bilera egin ondoren, negoziazioa erabat geldituta dagoela salatu dute sindikatuek, eta enpresak planteamendu batzuk egin ditu “guztiz onartezinak”, horien esanetan. “Soldata-igoerak KPIaren igoeraren azpitik; helburuen araberako urteko ordainsari aldakor historikoa, ezabatzeko etengabeko mehatxupean; Barasoaingo lantegiko produkzio- langileen baldintza prekarioen hobekuntza txikiak, haien iraupena zalantzazkoa baita 6 ERTEren ondoren, 13 urtean; ezezkoa telelana atzeraezinki finkatzeko proposamenaren aurrean, enpresan lau urtez ezarri ondoren; ordutegi- erregistroaren eta aparteko orduen konpentsazioaren arloko legea ez betetzea, nahiz eta praktika hori Lan Ikuskaritzan salatu; parke eolikoko langileentzat etxebizitza partekatu beharra joan-etorrietan, eta abar”.

Nordex Taldearen mozkinak oso handiak izan dira azken garaietan eta Zuzendaritzako kideek batez beste %74 igo zuten euren soldata 2023an, horregatik langileek ez dute ulertzen proposamen hau.

Enpresak negoziazio mahaian “baldintza duinak eskaintzeko asmorik ez duela ikusita” Enpresa Batzordeak bere langileak deitu ditu Nafarroako lantokietan lanuzteak eta kontzentrazioak egiteko. Atzo egin zuten lehenengo elkarretaratzea eta 28ra arte luzatuko dira lanuzteak.

Gehiago