Osasun sistema publiko baten alde
Baztango Osasun Plataforma
2024-ko urriak 23
Irailaren 29an eginiko manifestazio jendetsutik ia hilabete bat pasa den honetan, Baztango Osasun Plataformatik jakinarazi nahi dugu mobilizazioekin segituko dugula osasun sistema publiko duin bat lortzeko bidea egiten.
Dagoeneko bi mediku ari dira lanean Elizondoko osasun etxean, osasun plataforma sortu zeneko hiru plaza hutsetatik bi bete dira, baina mediku hauek ez dira luzerako etorri. Izan ere, datorren udaberrian medikuntzako oposaketa ebatziko da eta berriz ere mediku aldaketa izanen dugula aurreikusten dugu, nahiz eta plaza hauek modu egonkorrago batean beteko direla uste dugun.
Hortaz, Baztango Osasun Plataformatik adierazi nahi dugu medikuen iraunkortasuna bermatzea beharrezkoa dela zerbitzu eta arreta egoki bat eman ahal izateko. Zenbat eta denbora gehiagoz aritu osasun langileak leku berean lanean, hobeki ezagutzen dituzte herrietako biztanleak eta ondorioz, ematen duten arreta hurbilagoa eta kalitate hobekoa izaten da.
Hizkuntza eskubideei buruz ere badugu zer erran, horrelako egoera berezietan maiz bigarren planora pasatzen delako, baina Baztanen euskaraz bizi garen heinean, inportantea iruditzen zaigu mediku euskaldunak izateko eskubidea behar bat bihurtzen dela azpimarratzea.
Akitzeko, erran nahi dugu orain arte Elizondoko hiru medikuen ausentziari buruz mintzatu bagara ere, aipatu beharrekoa dela normalean ez direla zonalde osoko medikuen oporrak edo bajak ordezkatzen. Herri batean medikua falta denean, bertze herri batekoak kubritu ohi du, honen lan karga haundituz eta arretarako denbora gibelatuz. Erran beharrekoa iruditzen zaigu ere, Baztan eta Zugarramurdi eta Urdazubiko herriendako pediatra eta erdi dagokigula, eta urteak direla ez dela hau betetzen, pediatra bakarrarekin baikaude.
Hau guztia kontutan hartuta, Nafarroako Gobernuko osasun saileko arduradunei eskatu nahi diegu lehen arreta maila sendo baten alde lan egin dezatela, tokatzen zaigun osasun profesional kopurua bermatuz eta osasun sistema publikoa indartuz.
Guzi honengatik, datorren azaroaren 6an, asteazkena, arratsaldeko 6etan Elizondoko OsasunEtxearenaitzineanelkartuko gara.