Pobreak ez dira, aberatsak baizik

Jaime Iribarren Iriarte

LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna

2024-ko urriak 14

1987an Nazio Batuek urriaren 17a Pobrezia Errotik Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izendatu zuten. Hiru hamarkada baino gehiago igarota, errealitatea tematia da, eta, desagertu beharrean, gero eta gehiago dira gutxiengo pribilegiatu baten interesak defendatzeko diseinatutako sistema ekonomiko baten ondorioak pairatzen dituzten gizakiak.

Egun hauetan datuak eta hausnarketak irakurri eta entzuteko aukera izango dugu, egoerak ez duela itxura onik erakutsiko digutenak. Adierazpen instituzionalak ere aldarrikatuko dituzte, desberdintasunaren aurkako borrokan konpromisoa erakutsiz. 2019an berritutako Pobreziaren eta Desberdintasunaren Aurkako Nafarroako Itunean konprometitutako neurri zehatzak ezartzeko Nafarroako Parlamentuak aho batez emandako babesa gogoraraziko digute.

Balore-krisi sakoneko une batean bizi gara. Askatasuna irabaziak lortzeko gaitasunarekin lotzen da, horretarako beste gizaki bat ustiatu behar izatea edo aurrekaririk gabeko krisi klimatikoa eragin behar izatea axola gabe. Eskuinak ezkerraren oinarrizko kontzeptuez jabetzen doaz, eta, beraz, “berdintasunak”, “popularrak”, “demokraziak” edo “askatasunak” jada ez dute gauza bera esan nahi. Liberalen eta kapitalisten garaipen handia da desberdintasunen, banaketaren eta justizia sozialaren aurka borrokatzeko pentsatutako kontzeptuak merkantzia huts bihurtu izana. Adibidez, etxebizitza bat jabetzan izatea askeago izatearekin lotzen da, nahiz eta bizitza osoko errentaren erdia horretara bideratu behar izatea suposatu.

Sistema ekonomiko kapitalistak birziklatzeko duen beharrak markatutako norabidean dabil mundua, gutxiengo pribilegiatu batek dominazio postuetan jarrai dezan. Zainketen kate globalak, latitude ezberdinetako emakumeak esplotaziora eta sozialki aitortuak ez diren eta askoz gutxiago ordaintzen diren lanetara kondenatzen dituztenak, definizioz eta ekintzaz sistema matxista baten giltzarri dira. Oligarkiak aldaketa kosmetikoen bidez kapitala ateratzeko modu berriak –kapitalismo berdea edo marroia– posible ote diren eztabaidatzen duen bitartean, ezkerrak zailtasunak ditu oraindik proposamen emantzipatzaile bat hegenomoniko bihurtzeko.

Eskuinak, muturrekoa izan beharrik gabe, sektore ahulenei gorroto eta seinalamendu diskurtsoa aldarrikatzen jarraitzen du, gero eta txiroagoak diren klase ertainei beldurra eta ziurgabetasuna helarazteko, elkarren aurka egiteko helburuarekin, mehatxu faltsuak eta etsaiak sortuz, berez klase berekoak garen sektoreen banaketan sakontzeko: langile klasea. Ez dadin gerta elkarrekin indartsuagoak garela pentsatzea. Oraindik ere bada jarrera ustez erradikaletatik tranpan erori eta ustezko langile-aristokrazia pribilegiatuaz hitz egiten duenik, borroka-prozesu eraldatzaileen ondorioz lortutako eskubideak eta egun batetik bestera desager daitekeen maila ekonomiko prekarioa nahastuz.

Egun, enpleguak ez du bizitza duina garatzeko adina diru sarrera bermatzen. Langabeziak aspaldi utzi zion adierazle fidagarria izateari, lan-prekarietateak pobrezia eragiten baitu termino ekonomiko objektiboetan biztanleria aktiboaren eta pasiboaren artean. Nafarroan, pentsiodunen %40k 1.134€ baino gutxiagoko ordainsaria jasotzen dute. Genero arrakala handitu eta biderkatu egiten da erretirora iristean. Gehiegi luzatuko ginateke beste latitude batzuetatik iritsitako gure bizilagunen egoera, arraza-bereizkeria pairatzen dutenak, etxebizitzaren arazoa eta beste hainbat gai gogoratzean. Ez dira politikoki zuzenak diren diskurtsoak edo errepikatzen diren zifrak. Pertsonak eta bizitzak dira. Gorputz horietan, menderatze-ardatzak biderkatu egiten dira, eta prekarietateak eta pobreziak indar handiagoz eragiten dute.

Zalantzarik gabe, gure esku dagoen guztia jaso eta lagundu beharko dugu. Zor historikoa dugu herri pobretuekin, baina baita ardura politikoa ere, diasporak eragiten dituzten egoerak aztertzera behartzen gaituena. Egoera bidegabe hau politizatu behar dugu, munduaren bi heren kondenat dituen zapalkuntza ekonomikoa iraultzeko beharrezkoak diren aldaketak bultzatzera pasatzeko. Eta zer esan etxebizitzaz, merkatu ondasun bihurtuta. Prezioak arautzeko eta jaisteko esku-hartze publikoa eta alokairu publiko eta eskuragarriaren aldeko apustu irmoa funtsezko ardatzak izan behar dira pertsona orok bizitza oso bat garatu ahal izateko etxe bat izateko eskubidea duela uste dugunontzat.

Ezkerreko mugimendu sozial, sindikal eta politikoek ezin dugu defentsiban jarraitu egoeraren zergatia azaldu nahian. Aktibatu eta erasora pasatu behar dugu arduradunak seinalatuz eta jendartea politizatu beste eredu justuago, bidezkoago eta jasangarriago baten aldeko alternatiba eraikitzaile baten inguruan. Egiak zintzotasunetik hitz egitera behartzen gaitu. Baliabideak mugatuak direnez, enpleguaren, zaintzaren eta aberastasunaren banaketa aldarrikapen bidezkoa eta beharrezkoa da. Beraz, lanaldia murriztearekin batera 1.600 €-ko gutxieneko soldata exijitzea, eta bizitza duina izateko proiektuen bermeak eskaintzen dituzten zerbitzu publiko sendoen sareaz hitz egitea, zalantzarik gabe, irabazi beharreko batailak dira, neoliberalismoak indarra hartzea nahi ez badugu.

Eta etsai faltsuak identifikatuz despistatzen saiatzen diren bitartean, has gaitezen espoliazioaren benetako erantzuleak salatzen. Izen-abizenak dituzte. 300 milioi euro baino gehiagoko iruzurra egiten diote urtero Nafarroako ogasun publikoari. Pobreziak arduradun zuzenak ditu: aberatsak eta haien pribilegioen alde egiten diren politikak.

Ezkertiarrok klase borroka berreskuratu behar dugu eta benetako erreferente bihurtu langabe, langile prekarizatu, ziurgabetasunez inguratutako gazteria, pertsona migratu, zaintzaren arloko emakume langile eta autonomo txiki.

Gehiago