Kaleratzeak eta lan baldintzen okerragotzea salatu dute EROM enpresako langileek
Nafarroako EROM enpresako langileek hiru orduko lanuztea eta elkarretaratze bat egin zuten atzo "etengabeko kaleratzeen eta lan baldintzak okerragotzearen kontra".
2024-ko urriak 11
Joan den irailaren 27an, kaleratzea ala soldata jaistea proposatu ondoren Acciona Energía-EROMeko Zuzendaritzak beste langile bat kaleratu zuen Nafarroan. Kasu berri honekin, kezka areagotu da plantillan, Acciona Energía-EROMeko langileen murrizketa geldiezina dela eta.
“Kaleratze berri honekin eta duela gutxi bi lankidek jasandako subrogazioarekin, Nafarroako plantillaren gaineko presioak jarraitzen du, azken lau urteetan % 35 baino gehiago murriztu dena, 2020an 225 langile izatetik gaur egun 140 pasatxo izatera igaro delarik”, informatu dute sindikatuek.
EROM Acciona Energian integratzeko prozesua Zuzendaritzak sustatu zuen bere garaian, EROMen egonkortasunaren eta etorkizunaren berme gisa salduz, eta horren ordez 2020ko irailaz geroztik, hamasei subrogazio eta hamalau kaleratze eragin ditu Nafarroan. Kopuru horri lan-baldintzak galtzearen ondorioz enpresa utzi duten berrogei teknikari baino gehiago gehitu behar zaizkio.
“Onartezina da enplegua etengabe suntsitzea, eta Acciona Energiako Zuzendaritzari dinamika negatibo hori gelditzeko eskatzen diogu. Ildo beretik, plantillak kezka handiz ikusten du joan den maiatzean Acciona Energiaren egoitza Madrilera eskualdatu izana. Aldaketa horrekin, Acciona Energiak erkidegoan dituen proiektu berriztagarriei buruzko erabakiak hartzea Nafarroatik urruntzen”, dio langileen oharrak.
Enplegu suntsiketa salatzeko Nafarroako EROMeko langileek hiru orduko lanuztea egin zuten atzo, eta Sarrigurenen Acciona Energiak duen egoitzaren aitzinean elkarretaratzea egin zuten.