Ibai Azkona espetxetik atera da espetxean lau urte eman ondoren
Lau urteko kartzela zigorra bete ostean irten da Picassenteko kartzelatik (Valentzia, Herrialde Katalanak). 2008ean atxilotu zutenean torturatu egin zutela salatu zuen. Segiko kide izateagatik epaitu eta absolbitu duten Iruñerriko gazteetako bat da.
2015-ko uztailak 21
2011ko udaberrian Espainiako Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra eta hamabi urteko inhabilitazioa jarri zizkion Ibai Azkonari, lehergailuak izatea leporatuta. Azkona 2010eko irailaren 1ean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Hendaian (Lapurdi), Segiko kidea zelakoan; Espainiako Poliziaren laguntza izan zuen horretarako. Urte bereko urrian Espainiaratu zuten.
2010eko otsailean, kutxa automatiko bat erretzea egotzita, urtebeteko kartzela zigorra jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta hori betetzeko atzeman zuten Hendaian. Urtebeteko zigorretan normalean ez dute inor espetxeratzen.
Azkona lehen aldikoz 2008ko urrian atxilotu zuten. Inkomunikazioaldian torturak salatu zituen eta epaiketa egin aurretik hainbat hilabete eman zituen kartzelan. Segiko kide izateagatik atxilotu zuten, eta aurten epaitu. Absolbitu egin zituzten hamar auzipetuak.
Maiatzean epaitu zituzten, Ibai Azkonarekin batera, Iker Araguas, Gorka Sueskun, Mikel Marin, Diego Javier Octavio, Iker Aristu, Iñaki Marin, Oihan Ataun, Mikel Beunza eta Mikel Flamarique. Hamar auzipetuetatik hiru espetxean ziren beste auzi batzuengatik, tartean Azkona. Azken hitza hartuta, "kartzelak husteko" garaia dela esan zuen Azkonak epaiketan.