Sustrai Erakuntzak “denontzako eta denerako tren eredu” baten aldarrikapena egin du

2024-ko irailak 6

Asteartean, Nafarroako Parlamentuan, Iruñea Euskal Y Grekoarekin lotzeko ibilbide egokienaren inguruan debatea izan zen, eta asteazkenean, Chivite presidentea eta Pradales lehendakaria bildu ziren, besteak beste, Nafarroa eta Espainia arteko abiadura handiko trenbidearen loturari buruz hitz egiteko. Horren harira, Sustrai Erakuntza Fundazioak ohar baten bidez salatu du, konpondu behar dena ez dela trenbideen trazadura, baizik eta herritarrek zer nolako trenbidea behar duten. Horregatik, Nafarroako herri guztietako pertsona guztiek, kalitatezko tren garraio publikoa, iraunkorra eta Nafarroako lurraldeak egituratuko dituena izateko aldarrikapena egin du.

Gainera, asteartean egindako eztabaidaren harira, Sustrai Erakuntza fundazioak AHTren eraikuntzaren defendatzaileen jarrera salatu du, adieraziz, propaganda kontsignak errepikatzen dituztela, azpiegitura horren bideragarritasun argudiorik eta azterketarik gabe. “Betikoak dira: Ezezkoarenak. Denentzat eta denerako balio duen tren bati ezetz esaten diote. Ez geltokiak eta geralekuak berriro irekitzeari. Ez Tuteran eta Iruñean dauden geltokiak dauden tokian mantentzeari. Ez ahalik eta jende gehienarendako ordutegiak, edukiera eta erosotasuna dituzten trenak izateari. Ez merkantzia-garraio gehiena trenbidez garraiatzeko benetako plan serio bati. Ez trenbide-zerbitzuetako edukiera eta langileak indartu, areagotu eta hobetzeari. Ez existitzen diren trenbide-azpiegiturak aprobetxatu eta hobetzeari, Castejón/Altsasu, Castejón/Logroño/Miranda eta Castejón/Soria trenbideak bikoiztuz. Trenari ezetz eta xahutze ekonomikoari baietz esaten diotenak dira, azken hamarkadetan trenbideko zerbitzuetan eta pertsonalean izandako murrizketak Aurrera eraman dituztenak dira” diote.

Bukatzeko, fundazioak zabaldutako oharrean salatu du Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako gobernuek gaur arte ez dutela babestu, planifikatu eta hobetu pertsonentzako zein salgaien garraiorako trenbide-zerbitzu publikoak mantentzea eta handitzea. Eta, AHTa eraikitzeko aurrekontu-partidak onartzen jarraitzen badute, eta Nafarroako alderdiek babesten jarraitzen duten bitartean, diru gutxiago egongo dela kalitatezko trenbide-zerbitzu publiko batendako eta pertsona guztiendako.

Gehiago