Espainiako Estatuan planteatutako pentsioen erreforman mutualitateek jokatuko duten paperak pribatizazioan sakontzea dakarrela ohartarazi du LABek

2024-ko abuztuak 1

CEOE eta CEPYME patronalek CCOO eta UGT sindikatuekin eginiko akordioa ezagutzera eman den honetan, LABek azpimarratu du, Lan Osasunaren kudeaketari dagokionez, pribatizazioan sakontzeko urratsak ekarriko dituela. Hala, LABek berak iazko martxoan ezagutarazi eta salatu zuen mutualitateen eta Gizarte Segurantzaren arteko akordioa egikarituko da pentsioen erreformaren bitartez.

LABek, lehenik eta behin, salatu du estatu mailan eginiko akordioa dela eta, ondorioz, Euskal Herriko errealitate sozial eta sindikalarekiko inposatzailea. Gauzak horrela, eta iaztik egin bezala, sindikatuak Nafarroako nahiz EAEko gobernuei exijitzen die ez dezatela akordioan aipaturiko neurriak aplikatu. Izan ere, akordioak erkidegoz erkidego osasun publikoko erakundeen eta mutualitateen arteko hitzarmenetarako oinarriak ipintzen ditu, eta, ondorioz, erkidegoek izango lukete horien aplikazioari buruzko erabakia. Bada, mutualitateen esku-hartzea baztertu eta osasungintza publikoa lehenesteko beharra azpimarratu nahi izan du LABek.

Estatu mailako akordio honek, bere 7. puntuan, behin-behineko ezintasunen kudeaketa eta langileen sendatzeari lotutako neurriak jasotzen ditu. Hala, planteatzen dena da “mutualitateen baliabideak erabiltzea, prozesu traumatikoetan diagnostiko eta tratamenduak denboran azkartzeko”. Gauzak horrela, hitzarmenak garatuz gero, mutualitateak behin-behineko ezintsasun egoera arruntean (hau da, laneko arrazoiengatikoa ez den bajan) dauden langileak tratatuko lituzke (zerrendaturik daudenetako traumatismoak gertatu diren kasuetan), Gizarte Segurantzako Institutuak aurreikusitako errekuperazio denborak pasatakoan eta langilearen onespenarekin. Azken horri lotuta, Arartekoak berak ohartarazi du langileek presiopean eman dezaketela onarpena, eta, beraz, LABek ere onartezintzat jo du. Beraz, diagnosia eta tratamendua mutualitateak egingo luke, baina alta eta bajen erabakiak Osakidetza edo Osasunbideko familia medikuaren esku jarraituko luke.

Akordioan jasotakoak, LABen aburuz, sistema publikoaren ezintasuna islatzen du, esplizituki halakorik aitortzen ez bada ere. Patronalak eta mutualitateek aldarrikatu izan duten eskaera bati men egiten dio, zeinaren bidez enpresa-entitate horiek kontingentzia arrunten kudeaketaren zati handi bat eskuratuko baitute. LABek ohartarazi du, gainera, oraingoa mutualitateek eta gobernuek adostutako neurrietako bat baino ez dela, eta aurrerago gehiago etorriko direla, guztiak ere pribatizazioaren norabidean.

Akordioak “bi denboratako” osasun zerbitzua planteatzen du gizartearentzako: bata, langile aktiboentzako, garrantzitsuena delarik lehenbailehen produktibo izatea, baliabide sanitario gehiago jarrita, sendatzeko baino, baja laburtzeko helburua dutenak; bestea, berriz, produktiboa ez den gizartearen zatiarentzako, zeinari osasun sistema publikoa dagokion eta baliabide gutxiago bideratzen baitzaizkion, sendatzeak eta errekuperazioak presarik ez duela eta.

Akordioak ez du argitzen tratamenduen irizpide eta erabakiak mutualitateen edo Osakidetza/Osasunbideko sendagilearen esku geratuko litzatekeen. Honek ekarriko duena zera da: traumatismo batzuetan alta azkarra bilatzeko asmoz, ikuspegi sanitariotik egokiak ez diren tratamenduak ezar daitezkeela, ondo sendatzea baino, kaltea arindu eta lehenbailehen lanera itzultzea helburu izanik. LABek gogorarazi du mutualitateek kriterio ekonomizista kriterio

sanitarioaren aurretik ipintzen dutela beti. Erkidego bakoitzak mutualitateekin garatutako balizko hitzarmenetan eskumen hori mutualitateetako medikuen esku uzteko aukera egongo litzateke, eta LABen ustez hori oso larria litzateke.

Hori guztia gutxi ez, eta oraingo akordioak 2019an bertan behera geratu zen BONUS sistemaren berrezartzea dakar. Horren bidez, laneko gaixotasun eta istripu traumatikoen beherakada KOMUNIKATZEN duten enpresek kontingentzia profesionalen kotizazioetan beherapenak lortuko lituzkete.

LABek azpimarratu duenez, sistema honek, Mutualitateen ezinbesteko konplizitatearekin, istripuen komunikazioan ezkutatze ariketa dakar ezinbestean, lehenago ere ikusi bezala. Beraz enpresek, zergak gutxitzearen helburuarekin, ahal bezainbat istripu ezkutatuko dituzte, mutualitatera bisita ekidinez. Gobernuek beraiek ere aitortu izan duten bezala, mutualitateetan gaixotasunen azpierregistroa masiboa dela gogorarazi du LABek.

Gehiago