Torrearen dekomisoa “bakearen eta konponbidearen aurkako” erasotzat jo dute leitzarrek

Herriko eragile eta auzokide ugarik bat egin dute Espainiako Epaitegi Gorenaren herriko tabernak bahitzeko hartutako erabakia salatzeko.

2015-ko ekainak 25

Gogoratuko denez, Espainiako Auzitegi Gorenak 101 elkarte bahitu eta bost pertsonari urtebete eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri die. Horien artean, Leitzako Torrea taberna.

Bildutako lagunek oroitu dute Torrea sortzeko ahaleginean Leitzako herritar ugarik abiarazitako auzolana 90. hamarkadaren hasieran jarri zen martxan, eta geroztik hainbat urtez jardun du eskuz esku elkarlanean, "herriko egunerokotasunean alternatibak sortzen eta bultzatzen eta hamaika ekimenetan eraldaketarako tresna eraginkor moduan dinamikak pizten", esan dutenez. Torrea, finean, "taberna batetik harago doan proiektu bat izan da urte horietan guztietan".

Urteetan zehar modu batera edo bestera harremana eta elkarlana  eduki duten elkarte eta kolektiboek Torrearekin bat egin dute. "Gu guztion elkartasuna eta babes osoa eskaini nahi diogu Torreari, inposatutako erabaki honen aurka agertzen gara eta Torrea libre eta zabalik nahi dugula aldarrikatzen dugu". Ildo honetan, tabernako langileei babesa erakutsi diete, eta "bakearen eta konponbidearen aurkako" erasotzat jo dute Gorenaren erabakia.

Datozen egun eta astetan eginen diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

 

Gehiago