Epaileen aginduz, Antsoaingo Udalak udal lanpostu batzuetan ezin izanen du euskara profila eskatu

2024-ko ekainak 12

Epaileen erabakiz, Antsoaingo Udalak administrari ofizial lanpostuari profil elebiduna kendu dio; hots, euskarazko C1 maila kendu dio, eta administrari laguntzaile lanpostuari euskarazko B2 maila. Lanpostu hauek enplegua egonkortzeko lan deialdi batean sartuta zeuden, eta orain Lan Publikoaren Eskaintzatik desagertu egin dira profil elebidun horiek.

Administrazioan Euskaraz Taldeak egoera hau salatu du ohar bidez, eta gogoratu nahi izan du Euskararen Legeak ahalmena ematen diela udalei euskarazko profilak ezartzeko “eremu mistoan Administraziora euskaraz zuzentzeko eskubidea dagoelako”. AETren usteetan, epaileen erabaki honek “guztiz hustu du edukiz Nafarroako Euskararen Legea, eremu mistoari dagokionez”.

Horregatik, Antsoainen “oldarraldi judizial” honen aurrean erantzuna emateko animatzen du AETk, eta ildo horrentan euskararen defentsarako elkartea “bidelagun” izanen dela ziurtatu dute.

Gehiago