HTX-k bere ibilbideari amaiera emanen dio 2025an eginen den 4 eguneko jaialdi batekin
Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen errealitateari elkartasunetik erantzun eta haien auzia gizarteratzeko helburuarekin antolatzen hasi zen jaialdiak bere azken bi edizioak ospatuko ditu 2024ko abenduaren 28an eta 2025eko uztailaren 24tik 27ra luzatuko den jaialdia.
2024-ko ekainak 11
Hatortxu Rocken 29. edizioa Atarrabian izanen da, ohikoa den bezala, neguko forma klasikoan. 30. edizioa berriz, 2025eko uztailaren 24tik 27ra, Lakuntzan lau eguneko jaialdi historikoa izanen dela iragarri dute, eta dagoeneko sarrerak salgai daude. Zita bikoitz honetarako, Hatortxu Rockek bono berezi batzuk jarri ditu dagoeneko salgai. Honela, gaurtik aurrera Hatortxu 29 eta Hatortxu 30eko bono bateratua eskuratu daiteke, 94 euroren truke. Eskaintza berezi honetan, 3.000 bono baino ez dira jarriko salgai.
“Jaialdia bere amaierara heldu da baina jaialdia sorrarazi zuten arrazoi guztiak ez dira desagertu. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak euskal gizartearen inplikazioa behar beharrezkoa du oraindik. Hala ere, jendartearen bizi ohituretan jasandako eraldaketa sakonek eta agertoki politiko berriek elkartasun eta inplikazio forma berriak ezinbesteko egiten dituzte. Honela, Hatortxu badoa, baina erreminta berriei bide emateko”, iragarri dute.
Auzolanaren indarra
Auzolanaren indarraz mintzo dira HTXeko antolatzaileak. “Gure herrian eta Euskal Herritik kanpo entzutetsu bihurtu eta zenbaitek musika jaialdien antolakuntzari dagokionez eredugarritzat jo” dutela azpimarratu dute.
Sakabanaketaren amaiera lortuta, eta nahiz eta oraindik presoen eta iheslarien etxerako bidean egiteke badagoela konsziente “erarik onenean” eman nahi diote bukaera jaialdiari. “Elkartasun forma berriei bide emanez umiltasunez eta egindako bideaz harro.”