Iruñeko Alde Zaharreko Eguna, auzolagunentzako jai egitaraua prest
Larunbata honetan ospatuko dute Auzoko Eguna adin guztietako jarduerekin.
2024-ko maiatzak 23
Alde Zaharreko bizilagunek beste behin ospatuko dute Auzoko Eguna larunbata honetan, auzotik eta auzoarentzat antolatutako jarduera herrikoi eta autogestionatuz betetako egitarau batekin. “Masifikazioak, ekitaldien pilaketak eta pribatizazio giroak markatutako egunerokotasunari aurre egiteko espazio propio bat” aldarrikatuko dute Alde Zaharreko auzokideek.
Goizean goizetik, kaleetan barna ibiliko dira trikitixa taldea, Jarauta Kantuz edota Alde Zaharreko erraldoiak, eta hortik aurrera, giroak ez du etenik izango. Mercaderesen auzoko eragileen informazio postuak jarriko dira, San Jose plazan artisau azoka, Santa Ana enparantzan herri bazkaria izango da eta ondoren, Aldapa kalean luzatuko da festa giroa. 12:30ean, auzokideontzako une berezia izango da: auzoko argazkia, aurten, Jito Alai frontoian egingo dena.
Kultur astea
Egitarauak, dena den, aste honetan zehar izan du eragina. Kultur Astearen barruan, auzoko gune ezberdinetarako bisitak, erakusketak, eskola irekiak, kirol jarduerak eta haurrentzako ekintzak garatu dituzte. “3 Burgo 3 Milia” herri lasterketak itxiko du Auzoko Egunaren aurreko egitarau hori, bihar ostirala.
Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatu ditu bai Kultur Asteko eta bai Alde Zaharreko Eguneko jarduerak, auzokideon, merkatarien eta tabernarien laguntzarekin.