Etxerat elkartea, oztopo guztien gainetik, sakabanaketa politikarekin bukatzeko prest
Euskal preso, iheslari eta euren senideen aurkako jazarpena areagotzen ari den honetan, Etxerat elkartea indar berriturik atera da bere 14. Batzar Nazionaletik.
2015-ko maiatzak 4
Iruñean egindako ekitaldian, Maider Alustiza Etxerateko bozeramaileak elkarteko ezaugurri nagusiak aipatu zituen, eta senideen artean dagoen aniztasuna azpimarratu zuen.
Etxerateko bozeramaileak gogor salatu zituen sakabanaketa politikak senideengan dituen ondorioak. Zentzu horretan, gogora ekarri nahi izan zuen sakabanaketak 16 senide hil dituela.
Espetxe politika gutxi balitz, errepresioa jasan behar izan du Etxerat elkarteak eta preso eta iheslarien aldeko lanean ari diren eragileek. Bere larruan hau guztia pairatu duen horietako bat da Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerateko kideak. Azken sarekadan atxilotua izan zen. Errepresio guzti honen helburua presoak isolatzea dela uste du Lopez de Luzuriagak.
Egoera honen aurrean Etxerat elkarteko lana zein izan behar den argi dute preso eta iheslarien senide eta lagunek. Informazioa eman, eragileak bildu sakabanaketa politikarekin amaitzeko aldarrikapenaren inguruan, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea guztiak askatzeko bidean lehenengo pauso bezala….
Urtzi Errazkin Etxerateko kideak uste du sakabanaketaren ondorioz kaltetu diren pertsona guztiak biktimatzat kontutan hartu behar direla.
Espetxe politika honekin amaitzeko eragile guztien parte hartzea ezinbestekoa dela uste du Etxerat elkarteak, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko deia zabaldu zuten.