“Herria harro egoteko modukoa” dio AEKk “inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena” baloratzerakoan

2.800 lekuko-aldaketa, 4.900 eramaile eta 11 egun zein 10 gau igaro ondoren, 23. Korrikak amaitu du bere ibilbidea, Irundik Baionarat. "Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena" izan dela dio AEKk, eta hori "herria harro egoteko modukoa" dela azpimarratu nahi izan dute.

2024-ko martxoak 25

“Itzela izan da: argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horrez ordez, egiazko trantsizio bat nahi du”, esan dute Korrikaren antolatzaileek gaur Baionan egindako agerraldian.

“Parte-hartze masibo hori herri gisa egin dugu, denok batuta. Genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu dira KORRIKAra, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, herri-aldarri alai eta tinko honetara. Haietako batzuk euskaradunak dira dagoeneko; beste batzuk, euskaradunak ez izanagatik ere, badira euskararen munduaren zati. Ateak zabal-zabalik dituzte guztiok; barneratzeko bidea, libre. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat”, aipatu dute.

Etorkizunerako asmoak gauzatzeko, baina, denen laguntza behar dela gehitu dute: instituzioena, kolektiboena eta norbanakoena. “Harro gaude, bai, baina ez konforme. Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza-politika ausartak… jomuga dira oraindik. Asmatu beharko dugu, era berean, nola bideratu egunotan metatutako indarrak, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko, elkarlanean; euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segi dezagun”.

Helburuak, lortuta

AEK-k KORRIKAren inguruan ezarritako helburuei dagokienez, horietako bat nabarmen bete dutela argi dute. “Euskararen aldeko kontzientzia astindu du KORRIKAk, herri-gogoa hauspotzea lortu du”. Lasterketan bertan parte-hartze masiboa igartzeaz gain, etxetik ere inoizko KORRIKArik ikusiena izan dela baieztatu dute. Halaber, aurreikuspen ekonomikoak ere onak direla nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete modu batez edo bestez parte hartzaile guztiei.

Gehiago