Ahotsa.info: 10 urte kalean Nafarroa eraldatu nahi dutenei ahotsa ematen

2024-ko martxoak 20

Ahotsa.infok 10 urte egin berri ditu lanean. 2014an jaio zen, Nafarroa maila sozial eta politikoan eraldatu nahi zuten haiei ahotsa emateko asmoz. Intentsitate handiko testuinguru batean, UPNk agintzen zuen eta Nafarroako Gobernuaren aurkako oposizioa kalean mobilizatzen zen, oraindik apartheida eta ilegalizazioen politiken eraginak nabarmenak zirenean.

Ahotsa.info Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal komunikabideen aurka egindako hainbat erasoren ostean jaio zen. Aurretik Apurtu.org webgunea egon zen, 2011an itxiarazi zutena euren kideen aurkako operazio polizial bat medio. Pitu kazetaria urte eta erdi egon zen espetxean, baina kalean geratu zirenak kikildu ordez, Ateak Ireki komunikabidearen sorrerarekin erantzun zioten errepresioari. Ibilbide laburra izan zuen, baina, komunikabide digital berri hark, ANk hura ere itxi baitzuen 2013an, Herrira sarearen aurkako operazio polizialaren baitan.

Hortik sortu zen orduan Ahotsa.info, crowdfunding baten laguntzaz dirua lortuz. Euskal Herriko txoko guztietatik erantzun zitzaion adierazpen askatasunaren aurkako azken eraso hari eta Nafarroak behar zuen aniztasuna bermatzeko, gurea bezalako komunikabide digital bat behar zela ulertu zuen gizarteak. 2014ko martxoan abiatu zuen bere ibilbidea Ahotsa.infok.

10 urte hauetan guztietan pasarte ikusgarriak bizi izan ditugu, berriak batzuk, zaharrak-berri besteak: herritarren borondateak eskuina bota du Nafarroako instituzioetatik eta lehen aldiz abertzalea izan den lehendakaria ikusi dugu Gobernuan; baita Iruñeko alkate abertzalea ikusi ere; jai herrikoien berpiztea bizi izan dugu, gune soziokomunitarioen eta topaleku berrien sortzea, euskararen aldeko urrats eta ekimen esanguratsuak, gaztetxeen sorrera eta desalojoak, operazio polizialak eta errepresioaren aurkako erantzunak, presoen eskubideen aldeko ekimenak, Ama Lurra eta ekologiaren aldeko ekintzak, LGTBI+ mugimenduaren eta feminismoaren gorakada, langileen eskubideen aldeko borroka eremu berriak, migrantekiko elkartasun erakustaldiak… Horren guztiaren lekuko izan da Ahotsa.info eta bere ikusle guztiei erakutsi nahi izan die aipatutako Nafarroako aniztasun zabal hori.

Lortu dugulakoan eta ibilbide oparo honetan lagun izan zaituztegun zuekin guztiekin ospatu nahi dugulako, bi ekitaldi antolatu ditugu:

Lehenengoa, apirilaren 25ean, Iruñeko Katakraken: mahai-inguru bat antolatu dugu Gardentasuna elkarteko kideekin batera. “Espionaje policial en movimientos sociales e investigaciones periodísticas de medios populares” izenburupean, Gemma Garcia (La Directa), Pastora Filigrana (abokatua) eta Ahoztar Zelaieta (kazetaria) solasean arituko dira Patxi Zamora kazetariaren gidaritzapean. Mahai-ingurua bukatzerakoan, luntx bat eskainiko da.

Eta bigarrena, apirilaren 26an, Txantreako Akelarre tabernan: urteurrenaren festa izanen da. Jatekoa, edatekoa eta dantzatzeko musika izanen dugu eta Ahotsa.inforen ibilbidea behar bezala ospatuko dugu. Zatozte, gonbidatuta zaudete!

Gehiago