2010ko Txupinazoan Ikurriña zabaltzeagatik epaitutakoek epaia kartzelara eraman ahal dituela ohartarazi dute

Nafarroako Fiskalak Auzitegi Nagusian jarritako errekurtsoa dela eta 2010eko Txupinazoan Ikurriña sartzeagatik atxilotutako gazteak kartzelan sartzeko arrisku larrian daudela ohartarazi dute. Datozen egunotan edo asteetan Auzitegia Nagusiak hartutako erabakia jakinaraziko du eta fiskalak eskatutako zigorrak baieztatuz gero, Iruñerriko hainbat gazte kartzelan sartu beharko dira.

2015-ko martxoak 20

2013ko Azaroan izandako epaiketaren ondoren inputatutako gazte gehienei, beste hainbat zigorren artean, 2 urtetara iristen ez ziren kartzela zigorrak ezarri zizkieten eta ondorioz ez zuten zigorra kartzela barruan bete beharrik. Fiskalak ondoren egotzitako zigorrak errekurritu ditu eta 2 urtetik gorako kartzela zigorrak eskatu ditu epaitutako gazte gehienentzat, kartzelan sartzeko arriskua areagotuz. "Epaitutako gazteok kartzela barruan ikusi nahi gaituzte, frankismo garaian bizitako egoerak gogora ekarriz", salatu dute gazte hauek ohar batean.

Gaur egun Auzitegi Nagusiko epaileak kasu honi buruz eztabaidatzen ari dira. Iruñerriko gazte hauek kartzelan sartzeko arriskua hor dagoela ohartarazi dute. "Harrigarria iruditzen zaigun arren, oraindik ere euskaldun guztiak batzen gaituen ikurra, Ikurriña, Nafarrroan debekatuta dago, eta urteetan zehar ikusi izan dugun bezala gurea den ikur hau jendartean ateratzeak zigor larriak dakartza", salatu dute.

Epaitzen ari diren gertaera hauek 2010eko Txupinazoan eman ziren. Poliziak modu bortitzean oldartu zen Ikurriña zabaltzen saiatu ziren gazte batzuen aurka. Ondoren izan ziren istiluetan hainbat zauritu izan ziren, horien atean Madrilgo gazte bat, oso larri egon zena eta ondorio larriak pairatu dituena jaso zuen kolpe baten ondorioz.

"Muntai polizial hau, beste asko bezala, UPN-PSN-ren erregimenak erabilitako estrategiaren barruan kokatuta dago, gure kultura eta ohiturekin bat egiten duen edozein adierazpen bidetik kentzeko eta beren gizarte eredua inposatzeko", adierazi dute gazte hauek.
 

 

Gehiago