Nafarroako 55 kolektibok bat egin dute larunbateko aldaketa sozialaren aldeko manifestazioarekin
Larunbatean 17:30ean Antoniutti parketik abiatuko da manifestazioa.
2015-ko martxoak 12
Nafarroako 55 kolektibok egin dute bat Eskubide Sozialen Kartak larunbaterako deitua duen manifestazio deiarekin: "Nafarroan ezarria dagoen eredu ustel eta anti-sozialari erantzuna kalean emateko bat egin dugu", adierazi dute kolektiboetako ordezkariek. Kolorez beteko dituzte Iruñeko kaleak aldaketaren ortzadarra irudikatzeko.
Aldaketa soziala atzeraezina dela nabarmendu dute. Ikuspegi kritikoz arituko den "aliantza sindikal eta soziala" osatzeko helburu dute. Horretarako programa soziala gauzatzeko eskatuko diete erakunde eta alderdi politikoei.
Lau oinarri ditu programa sozialak
Aberastasunaren banaketa lortzea, kalitatezko enplegua sortzea, bizitzaren jasangarritasuna eta ongizatea erdiestea, demokraziaren eta eskubide kulturalen defentsa egitea eta jendartearen parte hartzea ziurtatzea.
Manifestazio koloretsua eta jendetsua izatea nahi dute. Koloretsua kolektibo bakoitza kolore batekin irudikatuko du bere mezua: lilak mugimendu feministarena, urdinak hezkuntza, hizkuntza eta kulturarena, urdin argiak pentsiodunena, berdeak lurraren defentsarako plataformena, berde argiak osasunarena, horia bazterketa sozialaren aurkakoa, laranja gazte mugimenduarena, gorria sindikatuena eta txuria oroimenarena, gardentasunarena eta askatasunena. "Mobilizazioak agerian utzi behar du aldaketa soziala atzeraezina dela".
Aniztasunaren isla
Protesta arratsaldeko bosta terdietan izanen da Antoniutti plazatik abiatuta. 55 kolektibok eman dute babesa, tartean, erakundeen artean: AEK, AHT Gelditu, Askapena, Banatu, Bilgune Feminista, Kontuz, Sakana Abian, Sortzen, Sasoia, SOS Arrazakeria eta beste, sindikatuen artean: CGT, ESK, ESTEILAS, EHNE, ELA eta LAB.