H28 aldizkariaren bigarren zenbakia dagoeneko sarean eta webgune propioarekin

Webgune propioa izango du aldizkariak aurrerantzean eta bertan egongo dira doan zenbaki guztiak hilero. 42 orri ditu bigarren zenbakiak eta ezker eskuin joango dira bere arantzak.

2015-ko otsailak 28

Bazegoen gosea, gose bikoitza. Aldizkari saretirikoa sortzeko ideia aipatu eta berehala erantzun zuen marrazkilari talde zabal batek. Egun gutxian osatu zen urtarrilaren 28ko zenbakia. Jendea ere bazen halakoen gose, ordea. Zenbakia kaleratu eta berehala sare sozialetan oihartzun handia lortu zuen proiektuak. Fenomeno kuasi-biral bihurtu zen. "Urtarrilaren 28ko goizean 30 jarraitzaile genituen twitterren, eta 1.500 izatera pasa ginen ia egunean bertan. 10.500 ikustaldi izan ditu aldizkariaren lehen zenbakiak", diote egileek.

Ezker-eskuin irakurri ahalko da bigarren zenbakia. 42 orri ditu eta parte hartzaileen zerrenda ere zabaldu egin da. Oraingo honetan parte hartu dute Adur, Aiert, Asisko, Axpi, Belatz, Dani Fano, Edu Lartzanguren, Eñaut Aiartzaguena, Expra, Hartzmarka, Hasier Goikolea, If , Irene, Josevisky, Marko, Mikel Mendibil, Ñ, Patxi Gallego, Tz, Unai Gaztelumendi, Unai Iturriaga eta Zaldieroa marrazkilariek.

Azala Asiskoren marrazkia hautatu dute oraingoan erredakzio taldean. "Oktopus Dei izango da lehen kolpea, beraz, baina barruan orotarik izango da. Euskaltzaleen bigorexiak sortzen duen nekea, Euskal Herria paradisu bilakatzeko plan (fiskal) sekretua, atez ateko banaketa egiteko sistemari buruzko azalpen zehatzak, Angulemako komiki jaialdiari buruzko kronika, Osasuna taldearen nondik norakoei buruzko gogoetak, Piko eta Payo-ren kritika literarioak, Kutxa is Bank eleberriaren aurrerapena, Eba eta Adanen parrandak, eta baita ezker eta eskuin ostiak jasotzeko asmoz aldizkari bat sortzen duten marrazkilarientzako zaplazteko bat ere. Ah! eta polizia pilo bat, polizia pilo-pilo bat, kasik, orrietatik kanpo dauden beste".
 

Gehiago