Hezkuntza erreformei planto egiteko mobilizazio eguna egingo dute ostegunean Hego Euskal Herriko heziguneetan
Iruñean eguerdiko 12etan abiatuko ikasle mobilizazioa NUPetik, eta 12:40etan Merindades plazan elkartuko dira ikasle guztiak erdigunean manifestazioa egiteko.
2015-ko otsailak 24
Hezkuntza merkatuaren eta ideologia neoliberalaren mesedetara bideratzen dabiltzala ohartarazi dute Ikasle Abertzaleek urte luzeetan zehar. Unibertsitate mailan, Bologna izan zen lehen pausoa, eta Europar Batasunean egun aplikatzen hasi diren EU2015 da prozesuaren segida. Espainian, esaterako, plan horren 3+2 aplikazioa onartu berri dute dekretuz. Hezkuntza ertainean (DBH eta batxilergoa), aldiz, LOMCE aplikatzen hasiak dira modu mailakatuan bada ere, eta EAJk Euskal Autonomia Erkidegoan Heziberri plana hurrengo urtean ezartzeko asmoa dauka.
Plan horiek guztiak hezkuntza herritik eta herriarentzat eraikitzearen aurkakoak direlako, otsailaren 26rako mobilizazio eguna antolatu dute Hego Euskal Herriko ikastetxe zein unibertsitateetan. “LOMCE desobeditzeko daukagun determinazioa eta indarra erakusteko eguna izango da hezkuntza ertainean, eta unibertsitateetan EU2015aren, eta konkretuki, 3+2aren aurrean tinko erantzungo dugu”, adierazi dute.
Inflexio egun horretatik aurrera, martxoaren 18ko astera arte, erantzunetik eraikuntzara egingo dute salto. Hezkuntza herritik eta herriarentzat praktikan jarriko dute, alternatiba praktikoak martxan jarriko dituzte. Hezkuntza ertaineko ikastetxeetan LOMCEren kontrako konpromisoak nola garatu eta eraiki nahi duten ereduaren inguruko eztabaidak gauzatuko dituzte, eta martxoaren 18an aste horietan landutako eduki eta dinamika guztiak plazaratuko dituzte. Unibertsitateetan, aldiz, ikasle mugimenduak aurrera eramango dituen Herri Unibertsitateetan parte hartzera deitu dute; martxoaren 16an hasiko direla aurreikusten dute.