Alde Zaharreko ihauteriak ate joka

2015-ko otsailak 6

Alde Zaharreko ihauteriak datozen bi asteburuetan ospatuko dira. Asteburu honetan Kaldereroak eta hurrengoan ihauteriak. Aurten, "Bryan-en bizitza" filma hartuko dute hizpide auzoa mozorratzeko. "Polux eta Santamarium gabeko hiri batean, baina gozatzeko prest diren Bryan asko dituen hiri pluralago eta parte hartzaileago batean" ospatuko diren ihauteri hauetan kritika soziala eta umorea uztartuko dira. "Pertsonaia horien alde egitea ospatzen ari gara, eta Barcinorumek eta beste enparauek ere bide beretik joatea espero dugu. Horrela, 2015ean, istilurik, salerosketa ilunik eta mahukapean egindako ordainketarik gabeko hiria izatea espero baitugu. Denontzako bizitzeko hiri egokiagoa, alegia".

"Agintariek nahi dutena egiten dutela" salatu nahi dute, "eta murrizketak eta prebarikazioa behin eta berriz erabilita, gure hiria erromatarren gainbeheraren garaiko herri tipiko bihurtzen" ari direla gogoratu dute. "Baina Erroma zaharreko istorio guztietan bezala, beti izaten da heroi bat", eta heroi horiek Iruñeko herritarrak direla aipatu dute. Horrexegatik, animatu nahi dituzte herritar horiek kalera ateratzera, legea itzultzeko prest, beren legea eta ordena kaleetan ezartzeko prest, jai-giroan, modu alai eta dibertigarrian. Eta, bidenabar, Alde Zaharreko ihauterietan gozatzera joan nahi duten lagun guzti guztiak bertan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte, ongietorriak izanen baitira den-denak.

Egitarauari dagokionez, ostiralean Nabarreriako iturritik Maria Trapo eskegiz emango diete hasiera ihauteriei. Euskal Herriko Herri-inauterietako mozorroak jantzirik kalejira eginen da Nabarreriatik Jarautaraino. Bertan, Burguko txorizo tipikoak dastatu ahal izanen dira.

Larunbatean, inauterietako bazkaria eta antzerki-formako karroza desfilea izanen dira. Gaia Bryan-en Auzoa izanen da.

Igandean, neskak mutil mozorroa jantzita ibiliko dira eta mutilak, berriz, neska mozorroa jantzita; eta astelehenean, amaiera emanen diete Santa Ana plazan, Maria Trapo eta Alde Zahar maitatuari pasarazi dizkioten une txar guztiak erreta.

Gehiago