Elkartasuna AHTren kontra Urkulluren aurrean protesta egiteagatik epaitu dituzten 7 ekintzailekin

Donostiako epaitegietan epaitu dituztenen artean 5 nafar daude. Epaiaren zain gelditu da auzia, fiskalak kide bakoitzari 24 eguneko isun-eguneko zigorra eskatu duelarik, osotara 960 euroko isuna alegia. Abokatuak absoluzioa eskatu du protesta egiteko askatasuna aldarrikatuz.

2015-ko urtarrilak 29

Gaur goizean epaitu dituzte Donostian AHTren aurkako zazpi ekintzaile, Urkullu lehendakariaren aurrean AHTren aurka protesta egiteagatik.  Elkartasun elkarretaratzeak egin dira Donostiako epaitegiaren aurrean eta Iruñeko Foru monumentuaren ondoan. Arratsaldean, Barañainen egin da beste kontzentrazio bat. Donostian epaiketa hasi baino lehen, Urkullu lehendakaria asto baten gainean irudikatzen duen estatua ikusgarri bat inauguratu dute Urkullu bera eta Nafarroako lehendakari Barcina antzeztu dituzten  bi lagunek parodia irrigarri batean, jendeak "Urkullu bájate del burro" oihukatzen zuen bitartean.
Bestalde, Iruñeako Foru Monumentuan beste elkarretaratze bat eginda, epaituriko lagunetako bat Nafarroako Sasoia jubilatuen elkarteko kidea izanik.
Epaiaren zain gelditu da auzia, fiskalak kide bakoitzari 24 eguneko isun-eguneko zigorra eskatu duelarik, osotara 960 euroko isuna alegia. Abokatuak absoluzioa eskatu du protesta egiteko askatasuna aldarrikatuz.
Gaurko epaiketaren eta atzo Ana Pastor ministrariak Bergaran eginiko ekitaldiaren harira, Mugitu!k berriro salatu nahi izan du "Eusko Jaurlaritzak bere burua harrokeriaz jasangarri gisa aurkezten duen bitartean Euskal Herrian inoiz egin den azpiegiturarik txikitzaileena" bultzatzen duela. "Horren lekuko dugu atzo AHTren obretera eginiko bisitan iragarri duten Udalaitz mendiaren zulaketa. AHTak, ingurumena gogor erasotzearekin batera, baliabideen xahuketa ikaragarria dakar, etorkizunean guztiontzako hipoteka bat izango delarik", salatu dute. 
 
Azkenik, Mugitu! mugimenduak elkartasun osoa adierazi nahi izan die Italiako Val Susako NO TAV mugimenduari, "herri mugimendu indartsu honetako 47 kideren aurka 145 urteko kartzela zigorra eskatzen zaizkien makro-epaiketa egin baitute Italian".   
 

Gehiago