Urkulluren aurrean AHTren aurako protesta batean parte hartzeagatik 7 lagun epaituko dituzte

“AHT jasangaitza” eta “EAJ hipokritak” zioten kartelak erakutsi zituzten Eusko Jaurlaritzak “25 urte jasangarritasunaren alde” izenburupean antolaturiko ekitaldi batean. Sasoia Elkarteko kide bat dago ekintzaile artean. Kontzentrazioak eginen dira Donostian eta Iruñean urtarrilaren 29an.

2015-ko urtarrilak 21

Datorren ostegunean, urtarrilak 29, AHTren aurkako zazpi ekintzaile epaituko dituzte Donostiako Epaitegian, hain zuzen ere joan den azaroaren 5ean Urkullu lehendakariaren aurrean AHTren aurka protesta egiteagatik. Protesta hura Donostiako Kursaal jauregian egin zen, Eusko Jaurlaritzak “25 urte jasangarritasunaren alde” izenburupean eta Urkullu lehendakaria buru zela antolaturiko ekitaldian. Urkullu hizketan hasterakoan AHTri desobedientzia aldarrikatzen duen Mugitu! mugimenduko 7 lagun eszenatokira igo eta “AHT jasangaitza” eta “EAJ hipokritak” zioten kartelak erakutsi zituzten azpiegitura erraldoi honen aurka kantak eta aldarriak oihukatu zituzten bitartean.

Hortaz, epaiketa salatzeko eta epaituei sostengua adierazteko kontzentrazioa deitu du Mugitu! mugimenduak goizeko 11’30etan Donostiako Epaitegiaren aurrean. Halaber, Nafarroako jubilatuen Sasoia Elkarteak deituta, Iruñeko Foru Monumentuan beste elkarretaratze bat egingo da ostegunean eguerdiko 13etan, epaituriko lagunetako bat Sasoia elkarteko kidea izanik.

Epaiketa honen harira, epaituek Kursaalean egin bezala, Mugitu!k salatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak bere burua "harrokeriaz jasangarri” gisa aurkezten duen bitartean "Euskal Herrian inoiz  egin den azpiegiturarik txikitzaileena" bultzatzen duela. "AHTak, ingurumena gogor erasotzearekin batera, baliabideen xahuketa ikaragarria dakar (materiala, energetikoa, ekonomikoa), etorkizunean guztiontzako hipoteka bat izango delarik. “Jasangarritasuna” egungo gezurrik handienetarikoa da: baliabideen xahuketaren, petrolioaren gailurraren, aldaketa klimatikoaren eta, nola ez, azpiegitura txikitzaile eta ezbeharrezkoen inposaketaren aroan bizi gara. Azken horien artean AHTa dago", azpimarratu dute.

Mugitu mugimenduak gogoratu du jasangarritasunaren leloa markak, produktuak eta politikariak publizitatzeko erabiltzen den "itxurakeria ideologikoaren" parte izatera pasa dela, eta deitoratu du Urkullu eta bere gobernuak mantentzen duten jarrera AHTrekiko.

 

Gehiago