A. Izko: “Ez gaude presoak etxeratu arte gelditzeko prest”

Amaia Izko euskal preso politiko eta errepresaliatuen abokatua elkarrizketatu du Ahotsa.info Mate operazioaren haritik. Izko Goardia Zibilak atxilotu zuen, eta operazio honen helburu politikoak salatzeaz gain, Auzitegi Nazionalak ezarri dizkien debekuak gaitzetsi ditu, euren jarduera profesionala guztiz baldintzatzen dituztelako.

2015-ko urtarrilak 21

Pasa den astean abokatuen aurkako Mate izeneko operazioa salatzeko, manifestazioa eginen da Iruñean ostiral honetan. Amaia Izko abokatuak Ahotsa.info-rekin egindako elkarrizketa batean, PPk bake prozesuaren aurka daraman estrategia errepresiboan kokatu ditu atxiloketa berri hauek, eta era berean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari berriro erasotzeko erabili dutela gaineratu du.

Izkok ez du uste kasualitatea izan denik operazio polizial hau Bilboko elkartasun hitzordua ondoren eman izana, eta Sare Herritarraren dirua eraman izana salatu du. Lapurketa bat izan dela nabarmendu du.

Amaia Izko abokatuak eskertu egin du jasotako elkartasun guztia, eta operazioaren aurrean altxatu diren ahotsak nabarmendu ditu. Bereziki, abokatuen elkarte eta kontseiluetatik sortu direnak, horiek erakusten dutelako gizartean konponbidearen beharra oso zabaldurik dagoela.

Euskal preso politikoen eskubideen defentsan jarraituko dutela azpimarratu nahi izan du, baina irmoki salatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako debekuak eta kontu korronteen bahiketa. Izkok aipatu du ezin izango dutela bere jarduera profesionala gauzatu baldintza hauetan.

Konponbidea lortzeko eta euskal preso politikoak etxeratzeko, Estatuak mantentzen duen estrategia errepresiboaren aurrean, euskal gizartearen aktibazioan dagoela gakoa esan du Amaia Izkok.

Gehiago