Jai egunak lan egin edo kontsumitzeko ez baizik “bizitzeko” direla aldarrikatu dute

Iruñeko Alde Zaharreko hainbat eragilek, Leclerc, Caprabo, Zara edo Bershka bezalako kateetako LABeko delegatuekin batera, gaur abenduak 21 igandearekin dendak ireki izana salatu dute. Gaurkoa Nafarroako Gobernuak merkatalguneak irekitzea baimentzen dituen hamar jai egunetatik bat da.

2014-ko abenduak 21

“Bizi Eguna” delakoaren antolatzaileek salatu dute PP-ren Gobernu ordezkaritzak nahiz UPNren Udalak ekitaldiak Vinculo Plazan, Corte Ingles ondoan, egitea eragotzi dutela, baita aipatutako eraikina inguratzea ere. “Berriro ere, Corte Inglesaren inguruak manifestazio eskubiderik gabeko gune izendatu dute, UPN eta PP dirudunen zerbitzura daudela frogatuz”.

Ekitaldiak San Frantsizko Plazara eraman dituzte: Irrien Lagunak taldearen emanaldia, truke azoka txiki bat eta txokolatada, hori dena “jai egunak jolasteko dira, ez erosketak egiteko” lelopean. Era berean, parte hartzaileek informazioa banatu dute Alde Zaharreko kaleetan barna, herritarren artean igande nahiz jai egunetan ez erosteko kontzientzia zabaltzeko.

LABeko merkataritza arduradun Itxaso Torregrosak jai egunetan irekitzearen kalteak azaldu ditu: “Denda txikiak ixten dira, kate handien egutegi eta ordutegiarekin lehiatu ezinik, enplegu suntsiketa nahiz komunitate bizitzaren pobretzea eraginez; langileek bizitza pertsonala eta familiarra baldintzatzen da; eta kontsumismo basatiena zabaltzen da, ahal duten horientzat opio eta ezin duten horientzat, gero eta gehiago direnak, bazterketa sozialerako aldagai”. Torregrosaren esanetan, arazo zehatz eta eguneroko honen aurrean ere beharrezkoa da Nafarroan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, izan ere igande eta jai egunetan irekitzea 0 irekiera eskatzen duen Nafarroako gehiengo sozialaren kontrako Espainiako Gobernuaren inposaketa baita, UPN, PP eta PSNren babesa duena”.

Gehiago