Etxarri Aranatzeko Sare Herritarrak dokumental bat egin du euskal presoen egoera azalarazteko
"Urruti VS Gertu" du izena eta urtarrilaren 3an egingo dute publiko arratsaldeko 19etan Etxarriko kultur etxean, eta ondoren Sakanako herri ezberdinetan emanaldiak eginen dira. Abenduaren 20tik urtarrilaren 11a arte erakusketa bat ikusteko aukera izango da
2014-ko abenduak 14
Norbanakoen konpromezutik abiatuta, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde eragile ezberdinen aktibazioa lortu nahi duen Sare Herritarrak, Etxarri Aranatzen egindako dokumentala aurkeztu zuten atzo. "Euskal preso, iheslari eta deportatuei legez dagozkien eskubideak berrezartzeko helburuarekin", presoen urruntzea ahalbidetzen duen sakabanaketa politikarekin amaitu behar dela dio Sarek, eta presoentzat ez ezik, "euren ingurune hurbilarentzat ere sufrimendua dakarten neurriekin bukatu beharra dago".
Dokumentala eta erakusketa bat, lehenengo ekimenak
Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko dinamika bat jarri dute martxan "hauek pairatzen dituzten eskubide urraketa horiekin amaitzeko sakandarron konpromisoak bilduz". Dinamika honen euskarri bat “Urruti vs gertu” dokumentala da. Ikusentzunezkoaren estreinaldia urtarrilaren 3an, larunbata, 19:00etan Etxarri Aranazko Kultur Etxean izanen da. Hurrengo egunetan Sakanako herrietan ere eskeiniko da (4ean Lakuntzan, 8an Arbizun eta 9an Irurtzunen, Bakaikun, Urdianen eta Olaztin). "Datuak, pasarteak, sentimenduak, bizipenak, baina, batez ere, esperantzaz beteriko" dokumentala da. Bertan, senideen testigantza, sakabanaketa politikaren salaketa eta, azken batean, euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapena jasotzen dira. Gainera, abenduaren 20tik aurrera “Dispertsioaren aurpegiak. Sakabanaketa politikak eragiten duenaz” izenburupean erakusketa bat ikusteko aukera izango da Etxarrin, eta ondoren Sakanan.
Lehenengo ekimen hauek egin ondoren, konpromezuen unea iritsiko da. Herriko eragile eta norbanakoekin harremanetan daude, konpromiso zerrenda bat adosteko. Hirugarren urratsa, eragile eta norbanakoen konpromisoak eman eta jasotzeko izango da.