IAk “erresistentzia parametroetatik eraikuntzarako konfrontazio ibilbidera” pasatzera proposatzen du

Ikasle Abertzaleak LOMCE eta “Estrategia Universitaria 2015” erreformen aurrean, hezkuntza komunitatearekin batera hezigunetik alternatibak eraikiko ditu ikasurte honetan.

2014-ko irailak 9

Aurtengo ikasturtean hezkuntza sistema osoaren "merkantilizazio eta elitizazioan" sakonduko duten bi erreformen aurrean topatzen da hezkuntza komunitatea, LOMCE eta “Estrategia Universitaria 2015”. "Ofentsiba kapitalista honi aurre egiteko inoiz baino garrantzitsuagoa da ikasleria antolatzea, ahalduntzea eta borrokarako prest egotea", iritzi dio Ikasle Abertzaleak.

Lan honetan ez daudela bakarrik gogoratu du IAk. LOMCE desobeditzeko eta Euskal Herrian hezkuntza propioa eraikitzeko Gure Gidaren sorrera, edota herrietako Hezkuntza Mahai edo Plataformaz osaturiko Hezkuntza Plataformen Topagunearen sorrera aipatzen dute horren adibide gisa.

Aurtengo ikasturtean inflexio puntu garrantzitsua izango dela aurreratu dute Ikasle Abertzaletik. Hezkuntza eredu propioaren aldeko borrokan "loraldi berri baten aurrekariak sor ditzakegu", eta horretarako "erresistentzia fase batetik eraikuntzarako norabidean kokatzea beharrezkoa da, orain arte eramandako konfrontazio parametroak guztiz aldatuz".

 

Ikasle Abertzaleak uste du hezkuntza sistema honen "inposizioak" praktikoki aplikatzen dituzten arduradunak heziguneetan daudela. Ondorioz, hezkuntza sistemari aurre egiteko eta alternatiben eraikuntzari bide emateko eremurik eraginkorrena heziguneak direla azpimarratu dute ikasleek.

Bestetik, Euskal Herriak "zanpatua eta ukatua" izaten jarraitzen duen bitartean, Euskal Eskola Nazionala ezingo dela guztiz bere osotasunean garatu onartzen du IAk. "Beraz, ikasleon inplikazio politikoa ezinbestekoa izango da etorkizuneko Euskal Herriaren askapen prozesu nazional zein sozialean".

Ikasleen aurtengo zeregin eta erronka nagusia "erresistentzia parametroetatik eraikuntzarako konfrontazio ibilbideari irekiera ematea" izango dela gogoratu dute, "desobedientzia eta intsumisioa ezinbesteko tresna bilakatuz".

Gehiago