Burlatako txoznagunerako erasoen aurkako protokoloa martxan jarri dute

Festa giroan ugaritzen diren jarrera erasokorrak ekiditeko eta jaietan pertsona oro “aske izan eta sentitzeko” protokolo bat martxan jarri dute Burlatan, norberaren sexua, adina, jaioterria edo desiraren orientazioa “inolako erasoren aitzakia” izan ez dadin.

2014-ko abuztuak 12

Burlatako Txozna Batzordeak ostegunean hasiko diren jaien egitaraua argitaratu du, eta horrekin batera egon daitezkeen eraso sexista, homofobo edo xenofoboak ekiditeko protokolo bat martxan jarri dutela jakinarazi dute.

Txozna batzordearen arabera “nazkaturik” daude “herriko jaietan aske izan eta sentitu ezinaz” eta aurtengoan “horrelako jarrerei planto” egingo dietela azaldu dute.

“Aspalditik dakigu feminismoak aske egiten gaituela. Emakume eta gizon askeak, herritar askeak. Aske herrian eta aske gure baitan. Sistema patriarkal eta heteronormatibo batetik aske, norberak bere izate, pentsatzen eta gozatze eran. Gizarteak inposatzen dituen rol eta moldeez haratago doana, botere harremanetatik at dagoena, ez dituenak emakumeak bere emakume izaeragatik gizonezkoen azpitik kokatzen edota menperatzen eta patriarkatuak ematen dituen pribilegioetatik kanpo dagoena. Ez dugu inola ere botere horrek sortzen dituen gehiegikeri edota abusuak onartuko. ”

Hala, Burlatako jaietan feminismoaz eta askatasunez “janzteko” deia luzatu dute. “Aske izan gustuko duzuna egiteko, ez zaitzala inork ez ezerk mugatu. Besteen askatasuna errespetatuz jokatzen baduzu, zu ere askea izango zara, eta aske egingo duzu herria.

Gehiago