Baztango Ezker Abertzaleak errepresio ekonomikoa salatu du

Berriki 6 baztandarrek batzartze hutsagatik jaso duten 5.400 euroko isunekin poliziak egiten duen jazarpena salatu du Ezker Abertzaleak. Udan zehar "errepresio zuri" hau salatzeko ekimenak egingo dituzte.

2014-ko uztailak 17

Baztango Ezker Abertzaleak sei baztandarrek ekainaren akaberan jasotako 1.200 eta 600 euroko isunen berri eman du, 5.400 € denera, eta, bidenabar, isun hauek eta herritarrek jasaten duten errepresio ekonomikoa salatu nahi izan du.
 
Isunak Guardia Zibilak jarri ditu joan den irailan Herriraren kontrako operazioari buruz Elizondoko plazan egin zen batzarre informatiboarengatik. Bere garaian Herriraren kontrako polizia-operazio horrek Euskal Herriko eragile desberdinen eta herritarren erabateko gaitzespena izan zuen. "Alta, operazioa herri honetan bizi dugun salbuespen egoeraren erakuslea izan zen eta sei baztandarrek jasotako isuna ere, horrela ulertu behar da", adierazi du Ezker Abertzaleak.
 
Espainiako estatua "bere tresnategi errepresibo" guztia mantententzeaz gain, "inboluzio demokratiko argian" dagoela baieztatu du Ezker Abertzaleak. "Hala, aldikako sarekadekin eta epaiketa politikoekin, errepresio forma zuriagoak eta ixilekoagoak erabiltzen" jarraitzen duela salatzen dute. Isun hauen helburua "disidentzia politikoa mutuaraztea" dela uste dute baztandarrek, "herritarrak ekonomikoki mugaraino estutzea eta edozein herri-erantzun desaktibatzea". Gainera, krisi ekonomiko garai hauetan,  isun ekonomikoek herritarrek eta langile klaseak bizi duten egoera larria handitzen dutela ere gaineratzen dute.
 
Isun hauek batzarre informatibo batengatik izan dira. "Ezbairik gabe, errepresioa koxka bat gorago eraman nahi dute. Batzartzeko, adierazteko, informazioa emateko eskubidea ukatu eta jazartzen duen estatua da Espainiakoa. Estatu ez demokratikoa" dio Baztango Ezker Abertzaleak.
Isun ekonomiko hauek errekurriturik daude. Nolanahi ere, aurtengo udan baztandarrek jasaten duten "errepresio zuri" hori salatzeko dinamikak eginen dituzte. "Herritarren artean elkartasuna sustatu, arazoaren kontzientzia hartu eta herri erantzuna antolatzeko lanean jarraituko dugu", adierazi dute.
 

Gehiago