Eraso sexistarik gabeko Sanferminen alde atera dira kalera

Jaietan erasoak izan ezkero, kontzentrazioa egingo da Udal plazan 19etan, eta taberna eta peñetan erasoen aurkako protokolo bat prestatu dute.

2014-ko uztailak 2

Gora Iruñea eta Eraso sexisten aurkako Emakumeen plataformak deituta, eraso sexisten aurkako mobilizazioa egin zuten hamarka lagunek Iruñeko Udal plazan. "Eraso sexistarik gabeko Sanferminen alde" zioen pankarta baten atzetik eta giro euritsu batean. Kontzentrazioan eraso sexisten aurka azaldu diren taberna eta peñak aurkeztu zituzten, eta leku horietan eraso horien aurrean protokolo bat jarriko dutela martxan iragarri zuten.

"Aurtengo Sanferminetan ez dugu ezta eraso sexista bat ere onartuko. Gure jaietan mota guztietako eraso sexistak ikusteaz, entzuteaz eta jasateaz nazkatua gaude, eta aski da! Aitzakiek ez digute balio, Sanferminetan dena ezin da onartu eta jaietan ere, ezetza ezetz izaten jarraitzen du", esan zuten irakurri zuten komunikatuan.

Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataformatik eta Gora Iruñea!-tik Sanferminetan ematen diren eraso sexistei aurre egiteko, hilabeteak daramate elkarrekin protokolo bat lantzen, bai Iruñeko Peñen Federazioarekin, bai hiriko beste herri eragileekin batera. Iruñeko peña guztiek eta eragile sozial gehienek sanferminetan irekiko dituzten lokalak, eraso sexistarik gabeko eremuak izateko konpromisoa hartu dute. Haien eremuan erasotzailerik ez egoteko konpromisoa hartu dute eta eraso sexista bat gertatuz gero, barrako arduradunek jarrera aktiboa mantenduz nola jokatu behar duten jakingo dute.

Konpromiso hori hartu duten eremu guztiak biltzen dituen planoa aurketu da. Sanferminetan disfrutatuko dituzten emakume guztiak eremu aske horietara joatera gonbidatzen dituzte eta edozein momentuan erasotuta sentitzen badira, barrara laguntza eske joatera animatzen dituzte.

Antolatu diren Autodefentsa Feministaren bost tailerrak oso arrakastatsuak izan dira. Bertan ehun emakume baino gehiagok parte hartu dute. Tailer horietan emakumeok fisikoki eta psikologikoki prestatua izan dira indarkeria sexistari aurre egiteko. "Autoestima landuz, geure elkarren arteko elkartasuna landuz eta mekanismo ezberdinak ikasiz eraso sexistak saihesteko eta haiei erantzuteko" ikasi dutela azpimarratu zen.

Aurten ere eraso sexistak salatzeko telefonoa prest izango da, 699 687 687 zenbakia, eta eraso bat ikusten duen pertsona oro edota erasotua den emakume oro, erasoaren intentsitatea dena dela, deitzera animatzen dute gertatutakoaren berri emateko. Helburu berarekin email bat prestatu dute:  erasosexistarikez@gmail.com.

"Guretzat, Sanferminetan gertatzen diren eraso guztien berri izatea oso garrantzitsua da, horrela, erradiografia erreala egin ahal izateko eta, batez ere, erantzun soziala eman ahal izateko. Horretarako, intentsitate altuko erasoen aurrean, protokolo bat prest dugu. Horri jarraituz, elkarretaratzea egingo litzateke hemen bertan arratsaldeko 19etan eta musika ordu erdi batez geldituko litzateke taberna guztietan, eraso sexisten aurrean dugun errefusa adieraziz", informatu zuten.

 

Jaiak guztiontzat
Jaiak pertsona guztion gozamenerako direla gogoratu zuten, eta emakumeak ere disfrutatu nahi dituztela. "Sanferminak gozatuko ditugu; kalea, festak eta gaua ere gureak direlako. Ez dugulako onartuko ezta matxirulo batek ere gu erasotzea eta jaia hondatzea. Prestatu gara, gure artean sareak josi ditugu, horrek indartsuagoak egiten gaituelako. Ez garelako ez sumisak, ez biktimak ere. Geure burua defendatzeko gai garelako eta hori egingo dugulako. Gure beldurra gaindituko dugu eta edozein eraso sexistaren aurrean erantzungo dugu", esan zuten.

 

Gehiago