Gora Iruñeak Jai Gunea eraikitzeko baimen ofiziala jaso du

Ahotsa.info-k jaki izan duenez, Iruñeko Udalak ofizialki baimena eman dio jai herrikoien aldeko plataformari jai gunea La Runan eraikitzeko. Bestalde, EH11Kolore-k Aniztasunaren aldeko lehen Lehiaketa Gastronomikoa antolatu du Sanferminetan Gora Iruñea-rekin batera. "Bestelako jai eredu bat garatzea posible dela erakutsiko du Plataformak", dio Gora Iruñeak.

2014-ko ekainak 18

Iruñeko Udalaren baimen ofiziala besterik ez zen falta, baina esku artean izatea guztiz beharrezkoa zen, ezustekorik ez izateko. Azken egunotan, eta UPNk gidatzen duen Udal gobernuak martxan jarritako lehiaketa huts egin eta gero, jakina zen Gora Iruñeak La Runan jai gunea jartzeko boleto asko zituela, baina ez zegoen konfirmazio ofizialik. Orain bai. Ahotsa.info-k Gora Iruñea plataformaren eskutik jakin izan duenez, jai gunea erikitzeko baimena badago. Beraz, eta bigarren urtez, aurten jai gunea izango da Sanferminetan. Eskaintza musikala izugarria izango da, baina egunero eta orduero aktibitateak izango dira, adin guztietarako.

Komunikabideei bidalitako ohar batean, Gora Iruñeak dio "aurten ere bai Sanferminetan Jai Gunea" izanen dutela iruindarrek. "Bestelako jai eredu bat garatzea posible dela erakutsiko du Plataformak. Jai Gunean jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunak eginen ditu Plataformak uztailaren 6tik 14ra".

 

 

Aniztasunaren aldeko lehiaketa gastronomikoa

 

 

Euskal Herria 11 Kolore herri ekimenak eta Gora Iruñea! plataformak Euskal Herriko lehen Kultur Aniztasunaren Sukaldaritza Txapelketa antolatu dute. Euskal Herria 11Gastronomia Txapelketa San Fermin jaietan egingo da.

Uztailaren 14an egingo da lehiaketa, Jai Gunean, "gure lurraldeko etxeetan egiten den  gastronomiaren kultur aniztasuna azalarazteko, eta bide batez, jatorri ezberdineko pertsona, talde eta elkarte guztiei Jai Gunera gonbidatzeko, bertan jai giroan egun pasa egiteko", iragarri dutenez.

Egingo diren janariak salgai egongo dira euro 1-en truke. Dastatzaile guztiek botoa eman ahal izango dute, platerik hoberena zein den hautatzeko. Lehiaketa eta dastapena goizez zein arratsaldez izango da, egun horretan Jai Gunean egingo den kontzertuekin koinzidituz.

Izen-ematea debalde da eta profesional ez diren sukaldariei zuzenduta dago. Boto gehien lortzen dituen jakiak txapela, trofeoa eta 500€ jasoko ditu. Bigarrren saridunak 200€ jasoko ditu, eta hirugarrenak, 100€.

Gora Iruñeak!-ek prestatutako Sanferminetako egitarauan, uztailaren 14an Jai Gunean egingo diren ekitaldi guztiek Euskal Herriko kultur aniztasuna izango dute ardatz, horien barruan haurrentzako jarduerak eta gaueko musika emanaldiak.

 

Txapelketaren oinarriak EH 11 Koloreko webgunean kontsulta daitezke: http://www.eh11kolore.org/

 

 

 

Gehiago