Greba egunak bukaera eman dio Sarrigurengo eskolako mobilizazio asteari
Hezkuntza komunitateak gogor salatu du datorren ikasturteari begira biziko duten pilaketa. 236 ikasle berri jasoko ditu dagoeneko gainezka dagoen eskolak. Nafarroako Gobernuak ez dio arazoari konpobiderik eman.
2014-ko apirilak 11
Datorren ikasturtean mila ikasletik gora hartuko ditu Sarriguren IPak. Egoera kezkagarria da eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura jo dute gaur goizean ikastetxeko gurasoek beraien eskaera egitera.
Eskola komunitateak Hezkuntzatik jaso duen erantzun bakarra izan da lekurik badagoela eta antolaketa on batekin ez dela arazorik sortuko. Baina, eskola 2011n handitu zutenean, bost lerroko eskola diseinatu zuten eta 2012tik gaur arte urtero bost lerro baino gehiago sartu dira.
Sarriguren IPko Guraso Elkarteak eta Hazi eta Hezi Plataformak deituta mobilizazio astea izan da eskolan. Asteartean manifestaldia egin zuten Sarrigurenen bertan, ostegunean aldarrikapenerako tailerrak antolatu zituzten eta, gaur, egun osoko asistentzia greba izan dute. Goizean zehar antolatutako mobilizazioek Hezkuntza Departamentuko egoitzan izan dute amaiera non gurasoek beren kexa azaldu duten instantzia bidez. Argi dute, bai gurasoek zein irakasleek ezinbestekoa dela egoera honi konponbidea ematea. Eskolak dituen benetako beharrak asetzeak bere biziko garrantzia du kalitatezko hezkuntza publikoa bermatu nahi bada.