Iruñeko Udalak Donibane auzoan hilik agertu zen etxegabeari “baliabideak” eskaini zitzaizkiola ziurtatu du

Iruñeko Udaleko zinegotzi Joxe Abaurreak esan du larunbat goizaldean hilda agertu zen etxerik gabeko herritarrari "behin baino gehiagotan" eskaini zaizkiola baliabideak. Etxegabeen afera "konplexua" da eta batzuek ez dituzte nahi izaten erakundeetatik eskaintzen zaizkien bitartekoak. "Lehentasuna izaten segitzen du kalean bizi direnen egoera hobetzeak", adierazi du Abaurreak. Zorigaitza izan da heriotza hori zinegotziaren esanetan eta hurbiltasuna eskaini die gertuko eta lagunei.

2024-ko urtarrilak 16

“Asteburuan izandako etxegabearen heriotza ezin da zuzenean lotu baliabide faltarekin”, esan du Joxe Abaurrea Gobernu Estrategiko, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda zinegotzia. Kazetarien galderei erantzunez nabarmendu du “behin baino gehiagotan” eskaini zaizkiola Udalak dituen baliabideak eta ez dituela onartu nahi izan. “Gaia konplexua da. Herritar batzuek ez dituzte onartu nahi eskaintzen zaizkien bitartekoak eta horren aurrean ezin da inor behartu”, adierazi du.

“Udalak dituen zerbitzuetara aterpe bila joan den pertsona orori eskaini zaio aterpea”, jakinarazi dute beste behin udaletik. “Ohiko baliabideak eskaintzeaz gainera hotz garai hauetarako ezohiko errekurtsoak ere erabilgarri ditugu”, nabamendu du. “Lehentasuna” izaten segitzen du kalean inor gaua pasatzen ez egotearenak udal taldearentzat: “Kalean bizi diren herritar zenbaitek ez du nahi eskaintzen zaiona, eta hortaz, ezin da inor behartu gaua aterpean pasatzera”.

Gehiago