Greba Feminista Orokorrerako hilabete baten faltan, zaintza lanen garrantzia aldarrikatu dute

Zaintzaren Nazioarteko Eguna da eta Nafarroako mugimendu feminista kalera atera da azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean parte hartzeko deia egitera. Izan ere, hilabete bat falta da grebarako eta Nafarroako herri eta auzoetan antolatzen eta giroa berotzen ari dira, indarrez eta ilusioz. Iruñean ez ezik, Nafarroako hainbat herri eta auzotan egin dira ekimenak asteburuan, besteak beste Zizur Nagusian, Burlatan, Eguesibarren, Garesen, Tuteran, Arrotxapean eta Barañainen.

2023-ko urriak 30

Atzo igandean, Nazioarteko Zaintzaren Eguna ospatu zen. Nafarroako Mugimendu Feministak data aprobetxatu eta kalera irtetzeko aprobetxatu zuen, datorren azaroaren 30ean izanen den Greba Feminista Orokorra indartzeko asmoz. “Zaintzarik gabe ez
dagoela bizitza duinik” gogoratu nahi izan dute ekimen guzti hauekin. “Zaintzarik gabe ez baitago bizitza bera posiblea egiten duen euskarririk.
Zergatik ez zaio ematen zaintzari dagokion garrantzia soziala, politikoa eta ekonomikoa?
Zergatik dago zaintzaren arloa guztiz prekarizatua eta kolapsatua? Zergatik da zaintzaren
eremua feminizazioaren, arrazializazioaren, eskubide ezaren eta pobreziaren sinonimoa? Noiz
arte egingo duzue negozioa gure oinarrizko zaintza beharrekin?” galdetu dute Mugimendu Feministatik.

Feministek “zaintza duina eskubide
unibertsala izatea” eskatzen dute, eta sektore horretan dauden langileen baldintzak hobetzea, zerbitzuen
pribatizazioarekin amaitzea edota Atzerritartasun Legea bertan behera uztea. “Baina Nafarroako Gobernuak, enpresek eta zaintzarekiko egoera pribilegiatuan daudenak
beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, entzungor egiten”, eta horregatik greba orokorra egiteko premia ikusten dute.

Herritar guztiak greba egiteko deitu dituzte

Greba “feminista” izango dela azpimarratu nahi dute. Izan ere, Mugimendu Feministaren gidaritzapean antolatzen ari delako.
Baina aldi berean, “orokorra” izango dela ere nabarmendu dute “zaintzea, Zaintza Sistema Publiko-Komunitarioa garatzea eta
zaintzaren banaketa sexual eta arrazistarekin amaitzea guztion ardura delako”. Beraz, greba honetan herritar guztiak parte hartzeko deituak daudela azpimarratu dute.

Gehiago