Nafarroako Administrazio Auzitegiaren arabera, Zizurko Udalak profil elebiduna jar dezake
Zizurko herritar batek, Udalaren plantilla organikoko lanpostu bat elebiduna izatearen kontrako errekurtsoa aurkeztu du eta horren aurka, beste herritar euskaldun batek eskatu du errekurtso hori bazter dadila, euskara erabiltzeko eskubidea urratzen baitu.
2023-ko irailak 22
Zizur Nagusiko Udalaren plantilla organikoan obretako langileen 9 lanpostu daude; eta horietako batek profil elebiduna du: gaztelaniaz gain, euskaraz ere jakin behar da eta horren kontrako errekurtsoa aurkeztu du herritar batek, esanez legearen kontrakoa dela. Horren aurrean, Udalak bere plantilla organikoa defendatu du, eta Zizur Nagusiko herritar euskaldun batek eskatu du errekurtso hori bazter dadila, urratzen duelako Administrazioarekin euskara erabiltzeko duen eskubidea, eta, besteak beste, errekurtso horrek kontra egiten diolako Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari.
Eremu mistoari dagokionez, 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak dio, Administrazioek honako hau egin dezaketela: alde batetik, urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; eta bestetik, gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea.
Gauzak horrela, Nafarroako Administrazio Auzitegiak alde batetik erabaki du, hizkuntza profil hori legala dela eta udalak bere eskumena erabili duela; legeak ematen dion eskumena, alegia. Eta bestetik, lanpostu horrek baduela harremana jendearekin, ahozko harremana besterik ez bada ere. Obretako lanpostu bakarra dela profil hori duena; hortaz, proportzionaltasunik eza alegatzerik ez dagoela, Euskararen Legeak eta bertako Euskararen Ordenantzak babesten baitute Udalaren erabakia.
Beraz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak auzi honetan interpretazio murriztailea baztertu egin du. Horrek arnasa ematen dio herritar euskaldunoi Administrazioarekin euskaraz egiteko, eta baita eremu mistoko udalei ere, eskubide hori bermatzeko erabakiak hartzerakoan.