Garapenerako elkartasuna eta laguntza arloan, bada zer ospatu!

Duela 25 urte, erakunde talde batek Nafarroako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea sortu zuen indarrak batzeko eta elkarren artean koordinatzeko, Garapenerako Lankidetzan kalitate handiagoa lortze aldera. Koordinakundeak bere 25. urteurrena ospatuko du irailean eta urrian zehar hainbat ekitaldiekin.

2023-ko abuztuak 29

25 urtean “sendo eta irmo” indartu dute erakundeen lana, eta erreferentzia izatea lortu dute Nafarroan lan eta konpromiso arloan.

Gaur egun, 47 erakundek osatzen dute Koordinakundea helburu amankomun batekin: garapenerako lankidetza oinarrizko eta beharrezko ardatz gisa har dadila aintzat erronka globalak jorratzeko, dela gizarte eta ekonomia arloan, dela kultur, ingurumen eta politika arloan, betiere giza eskubideak eta biziaren defentsa oinarri harturik.

Garapenerako elkarlana bultzatzen duten erakunde hauen asmoa da justizia globala, inklusioa eta berdintasuna sustatzea, bai eta sistema ekologikoen lehengoratzea eta oreka nahiz bakea sustatzea ere. Eta horretarako argi dute gure jendartean konzienziazioa jorratzea ezinbestekoa dela, baina baita ere eraldaketarako politikak garatzea.

“Giza eskubideak eta elkartasuna gorantz ez doazen planeta honetan, gure eginbeharra da alternatiba jasangarriak proposatzea eta Hegoko jende eta herriak haietan partaide egitea”, dio GGKEen Koordinakundeak.

Ekitaldiak, irailean eta urrian

25. urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi eginen dira datozeen asteetan. Irailaren 1etik urriaren 7ra Geltokin erakusketa bat jarriko da erakunde hauek munduko hainbat tokitan eta Nafarroan egiten duten lanaren zati bat erakusteko. 

Bestalde, irailaren 26an Kondestable jauregian “Mundua eraldatzea bizitza defendatzeko. Bizikidetza globalerako lankidetza” izeneko jardunaldia izanen da, Lucía Ixchiu, Antonio Turiel eta Julia Martí hizlariekin.

Bukatzeko, urriaren 7an Geltokin eginen da urteurrenaren ospakizun ekitaldian.

Gehiago