“Bertsolaritza irakaskuntzan” programa finantzatzeari utzi dio Hezkuntza Departamenduak
Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa finantzatzeari utzi dio 2013ko irailetik. Horren aurrean, Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Hezkuntza Departamenduari bere konpromisoak bete ditzala eskatu dio.
2014-ko apirilak 9
Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak gogorarazi duenez, 1997tik Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleek “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa jaso dute. “Ordutik hona milaka gaztetxok aukera izan dute ikastorduen barruan bertsolaritza eskolak jasotzeko”. Hain zuzen, 2013-2014 ikasturtean Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako 1.434 ikasle ari dira bertsolaritza eskola orduetan jasotzen.
Urte horietan guztietan, Nafarroako Bertsozale Elkartea arduratu da programaren kudeaketaz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin izan dituen kontratuen bitartez.
2013ko irailean Hezkuntza Departamenduak Nafarroako Bertsozale Elkarteari jakinarazi zion ez zutela exekutatuko programarako zegoen partida, “beste lehentasun batzuk zeudelako. 2014ari begira egoera moldatzen saiatuko zela agindu zigun Hezkuntza Departamenduak, baina apirilean gaude eta gaur gaurkoz Bertsolaritza Irakaskuntzan programarako ez du euro bakar bat ere bideratu Hezkuntza Departamenduak”.
Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak adierazi duenez egoera horrek “oso kinka larrian jartzen du ez bakarrik “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa, baizik eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen proiektua bera ere. Horregatik, Hezkuntza Departamenduari eskatu nahi diogu bere konpromisoak bete ditzala eta “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa modu duin eta iraunkorrez finantzatu dezala”.
Agerraldi berean Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkariak, azken urteotan “Bertsolaritza Irakaskuntzan” programak Hezkuntza Departamenduaren aldetik jasan dituen traba eta murrizketen berri eman du. Besteak beste, gogora ekarri du 2011n Nafarroako Bertsozale Elkarteak “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa emateko hiru urterako kontratu sinatu zuela Hezkuntza Departamenduarekin, baina Departamenduak urtebete beranduago bertan behera utzi zuela sinatutako kontratua.
Horrez gain, 2012ko ekainean programa bertan behera utziko zuela jakinarazi zuen Hezkuntza Departamenduak. “Zorionez, orduan jaso genuen babesari esker, atzera egin zuten eta 2012-2013 ikasturtea abiatzea lortu genuen”.
Azkenik, programarako partidak azken urteotan izan dituen etengabeko murrizketen berri eman du Arburuak. “2009an 52.000€ bideratu zituen Hezkuntza Departamenduak, 2012an 32.800€ eta orain 0€. Lau urtetan etengabeko beherakada sufritu du programak eta 2009arekin alderatuta, 765 ordu gutxiago ematen dira gaur egun”
Egungo egoera horrela laburbildu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariek. “Nafarroako Bertsozale Elkarteak segitzen du bere konpromisoak betetzen eta zailtasun handiz “Bertsolaritza Irakaskuntzan” programari eusten. Bien bitartean, Hezkuntza Departamentuak segitzen du programa finantzatzeari uko egiten, bere etorkizuna kinka larrian jarriz”.
Beatriz Casanova NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteko ordezkariak eta Iruñeko Patxi Larraintzar ikastetxeko zuzendariak ere hartu du parte prentsaurrekoan, programa jasotzen duten ikastetxeen babesa agertzeko.
“Bertsolaritza Ikastetxeetan” programak dituen onura pedagogikoak nabarmendu ditu Casanovak. “Horregatik, gure babes osoa agertu nahi diogu “Bertsolaritza irakaskuntzan” programari eta Hezkuntza Departamenduari horren beharrezkoa, onuragarria eta errentagarria den “Bertsolaritza irakaskuntzan” programa diruz laguntzen segitzea eskatzen diogu”. Ikastetxeak bere eskaria banan-bana Hezkuntza Departamendura bideratzen ari direla jakinarazi du NIZEko ordezkariak.
Azkenik, talde parlamentarioekin harremanetan ari direla jakinarazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta apirilaren 29an Nafarroako Parlamentuan gai honen inguruko lan saio bat eginen dutela aurreratu dute.