Kontseilua: “Nafarroan euskararen ofizialtasunak ezin ditu beste lau urte itxaron “
Hauteskundeen atarian, Euskalgintzaren Kontseilua Nafarroako hainbat alderdi politikoekin bildu da euskararen ofizialtasunaren inguruko euren iritzia eta jarrera ezagutzeko. UPN, PP eta PSN alderdiek ez dute Kontseiluaren bilera gonbidapena erantzun.
2023-ko maiatzak 25
Apirilaren 20an, Nafarroa osoko 200dik gora gizarte eragilek euskararen ofizialtasuna eskatzeko adierazpenarekin bat egin dutela iragarri zuen Euskalgintzaren Kontseiluak. Bertan, hauteskundeen ondotik Nafarroako Parlamentua osatuko duten alderdiekin harreman- erronda bati ekiteko asmoaren berri ere eman zuen, eta horretan aritu da azken asteetan.
Euskara ikasteko erraztasunak edo D ereduan matrikulatzeko aukera errealak emango dizkio ofizialtasunak Nafarroan hala nahi duenari azpimarratzen du Kontseiluak. Eta alderdiekin izandako kontaktuetan, euskararen ofizialtasunaren aurrean izandako jarrera baloratzerakoan, Geroa Bai, EH Bildu eta Zurekin Nafarroarekin izandako bilerak positibotzat jo ditu, alderdi hauek Euskararen Lege berri baten beharra azpimarratu dutelako. Aldiz, UPN, PP eta PSN alderdiekin ezin izan dira bilera horiek gauzatu.
UPNk eta PPk ez dute erantzun, eta ezaguna da euren euskararen egungo status juridikoa betikotzearen aldeko jarrera. PSNk ere ez du erantzun, eta 1986ko Euskararen Legea mantentzearen alde egiten jarraitzen du.
Geroa Bairen ordezkariekin izandako bileran euskararen ofizialtasunak beraien programan «zentralitatea» duela azaldu dute. Programan jasotzen du Nafarroako Foru Hobekuntza berrizteko prozesuan zonakatze murriztailea bertan behera uztea, «hizkuntza-arrazoiengatik inor diskriminatu ez dadin bermatzeko». Halaber, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko Euskararen Lege berri bat onartzearen alde egiten du, «gaur egungo zonakatzean dauden irizpide murriztaileak gainditzeko» xedez.
EH Bilduren ordezkariekin egindako bileran euskararen ofizialtasuna «funtsezkotzat» jo dute. Horrela, hauteskunde-programan jasotzen dute Nafarroako Foru Hobekuntza aldatzea eta, harekin batera, Euskararen Normalizaziorako Lege berri bat onartzea proposatzen dute, «zonifikazioa gainditu eta herritar guztiei hizkuntza eskubide berdinak aitortuko dizkiena».
Zurekin Nafarroarekin izandako bileran, haientzat ere euskararen ofizialtasuna «funtsezkoa» dela adierazi dute, eta Nafarroa osoan koofiziala izatea proposatzen dute. Hauteskunde- programak jasotzen du egungo Euskararen Legea ordezkatuko duen Hizkuntza Politikaren Legearen proposamena.
Ofizialtasuna nafar guztien arteko berdintasuna da
Oro har, bilera errondatik Kontseiluak ateratzen duen ondorioa honakoa da: alderdi politikoek ez dute euskararen ofizialtasuna ortzimuga hurbilean ikusten, nahiz eta helburu horretarako baldintzak sortu behar direla uste duten. “Legegintzaldi hau behingoz ofizialtasunarena izan behar da, milaka herritarren eskubideek ezin baituzte beste lau urte itxaron. Halaber, alderdiei dei egin die ez uzteko ofizialtasunaren gaia negoziaketen lehen minutuan erortzen”.
Azkenik, Kontseiluak adostasun sozialetan sakontzen jarraituko duela iragarri du, Nafarroa osoko gizarte eragileekin eta norbanakoekin ofizialtasunaren aldeko jarrera eta adostasun politikoa erdiesteko baldintzak sustatzen. “Apirilaren 20ko agerraldian esan bezala ofizialtasunak ez dizkio inori eskubideak kentzen, ez dituenari ematen dizkio. Ofizialtasuna nafar guztien arteko berdintasuna baita”.