Pasaiako Sarraskia ikertzeko eta argitzeko eskatu zuten identifikazio-saioaren bigarren egunean
Pasaiako sarraskiaren auziko identifikazio saioa egin zen atzo Donostiako auzitegietan. Kanpoan, dozenaka lagunek Pasaiako sarraskia ikertzeko eta argitzeko aldarrikatu zuten.
2023-ko maiatzak 19
Deituta zeuden hiru polizietatik bat baino ez zen agertu Pasaiako sarraskia dela eta deituta zegoen identifikazio saiora. Joseba Merino testiguak ez zuen berau errekonozitu. Kanpoan, elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek.
Identifikazio saioaren ostean, hitza hartu zuten Santiago Gonzalez senideen abokatuak eta Pello Aizpuru Pasaian eraildako Dioni Aizpururen anaiak. Gonzalezek azaldu zuenez, deituta zeuden hiru polizietatik bat baino ez zen agertu eta Joseba Merinok ez zuen identifikatu. Beste biak hilda daudela adierazi zieten, baina abokatuak salatu zuenez, ez zuten erakutsi heriotza-agiririk. Bestalde, polizien garai hartako argazkiak eskatu zituen Gonzalezek.
Ondoren, Pello Aizpuruk hartu zuen hitza senideen izenean. Azken lau hamarkadetan izandako oztopo judizial guztiak salatu zituen, Calvo Rojas epaileak kasua lehen aldiz artxibatu zuenetik hasita. Gainera, epaitegiko justizia falta salatzeaz gain, erakunde eta instituzioen aldetik errekonozimendua ere falta dela gogorarazi zuen.
Kasua irekita, senideak babes eske
Pasa den martxoaren 22an 39 urte bete ziren Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. 1984ko martxoan gertatu zen. Egun batzuk lehenago, Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak eta, bere kideekin Pasaiako badian hitzordua egitera behartu zuten. Itsasontziz iritsi ziren Pasai Donibanera eta tiroka hartu zituen Poliziak. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak izan ziren gertaera horretan hil zituzten lau kideak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Hildakoen senideek gertatutakoa argitzeko hainbat auzi bide hartu dituzte ordutik.
Orain gutxi kasua berriz irekitzea lortu dute. Gainera, identifikazio saioa egiteko agindu zuen epaileak eta pasa den martxoaren 28an egin zen lehen saioa, baina deituta zeuden polizietatik hiru ez ziren agertu saiora.
Gainera, martxoan EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Pasaiako kasuaren inguruan egindako txostena zabaldu zen hedabideetan. “Giza eskubideen urraketa larriaren kasu paradigmatiko baten aurrean” gaudela eta Pasaiakoa ‘ejekuzio extrajudiziala’ izan zela adierazten du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eskatutako txostenak. Senideen eskuetara iristeko hiru urte igaro dira, eta horren inguruko “haserrea eta mina” adierazi zuten senideek.