Patxi Ruiz eta Mikel San Sebastian euskal preso politikoak, gose greban Iruñeko eta Zaballako espetxean

Garikoitz Etxeberria euskal preso politikoak bere isolamendu egoera salatzeko abiaturiko gose grebarekin bat eginez, beste 7 errepresaliatuak hasi dira baraualdi batekin. Horien artean Patxi Ruiz Txantreako bizilaguna eta Mikel San Sebastian lesakarra.

2023-ko apirilak 24

Apirilaren 19tik gose greban dagoen Garikoitz Etxeberria Lizartzako preso politikoak bere seigarren eguna du gose greban, eta hamaikagarrena patio greban, Aske erakundeak jakinarazi duenez.

Gaurkoan beste zazpi preso politiko batu zaizkio, Garikoitzen aldarrikapena eurena eginez: Jon Kepa Preciado, Orkatz Gallastegi, Mikel San Sebastian, Aitor Cotano, Dani Pastor eta Jesus Mari Etxebarria Zaballako kartzelan hasi dira gose greban. Patxi Ruizek gauza bera egin du Iruñekoan.

Horretaz aparte, kartzelak eskaintzen duen bandejari uko egingo diote gaur Jon Mirena Sampedrok eta Oskar Barrerasek Basaurikoan.

Isolamendu egoera

Garikoitz Etxeberriak gose greba hasi zuen duela 6 egun Zaballako espetxean bakartze egoeran dagoela salatzeko. Euskal presoa apirilaren 14an iritsi zen Araban dagoen kartzelara, eta uko egin zion beste preso batekin ziega partekatzeari. «Ondorioz bakartze egoeran naukate ostiral iluntzetik», adierazi zuen gutun batean.

«Preso ororen eskubidetzat dut ziegan bakarrik nahiz binaka bizitzea hautuz, espetxeak bata zein bestea inposatu gabe», adierazi zuen eskutitz horretan. Gaineratu zuenez, «espetxea sumitze eta zigortze eremu denez, bikoiztera sumitu nahi izan ninduten eta intsumitu nintzelako zigortu naute».

«Patio grebaz» salatu nahi izan zuen pairatzen duen egoera, baina «konponbide arrastorik» ez zuenez ikusi, gose grebari ekin zion pasa den asteazkenean, «bakartze egoeratik atera eta kideekin elkar nazaten eskatuz». Orain, beste 7 preso batu dira borroka horretan.

Aske erakundeak elkarretaratzea eginen du ostiralean 19.00etan Iruñeko Sarasate Pasealekuan.

Gehiago