Pasaiako Badiaren segada argitzeko urratsik ez
Asteartean Donostiako epaitegietan egindako identifikazio saioan ez zuen emaitzarik eman. Deitutako zazpi polizietatik hiru baino ez ziren agertu, eta segada horretatik bizirik atera zen Komando Autonomoko kide bakarra, Joseba Merinok, ez zuen inor identifikatu. Justizia eta aitortza berriz eskatu dute Pasaian eraildakoen senideek.
2023-ko martxoak 30
Errekonozimendu saiora deitutako zazpi polizietatik hiru baino ez ziren agertu Donostiako Auzitegian. Joseba Merino eta Rosa Jimeno lekukoek ez zuten agertu zirenetako inor identifikatu. Beraz, momentuz segada hori argitzeko urratsik ez, baina itxaropena ez da galdu. Aurrerago beste bi identifikazio saio izango direla aurreratu zuen Santiago Gonzalez segadan hildakoen familien abokatuak.
Epaitegi barruan identifikazio saioak ematen ziren bitartean, kanpoaldean Pasaian eraildakoen senideek elkarretaratzea egin zuten, hainbat herritarrek babestuta eta lau hildakoen autopsien erreprodukzioak ondoan zirela, ‘Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu!’ lemapean.
Pello Aizpuruk, Dioini Aizpuru zenaren anaiak, judizialari dagokionez esperantza handik ez dutela azaldu zuen. Dena den, zirrikituren bat irekitzen den bakoitzean, lanean jarraituko dutela gaineratu zuen.
Aitortzaren bidean, berriz, Eusko jaurlaritzari konpromisoak eta epeak eskatu zizkion Aizpuruk. “Estatu biolentziaren kasu paradigmatikoa” dela aipatu zuen, “bahiketak, tortura eta erailketak” daudelako. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak Eusko Jaurlaritzak eskatuta egin duen txostenak azken 39 urteetan behin eta berriz esandakoa baieztatzen duela gaineratu zuen.
Arantxa Isart, Pedro Mari Isart zenaren arrebak ere ildo beretik hitz egin zuen. “Hamarkadetan zehar justiziak jarritako traba guztiak” azpimarratu nahi izan zituen, eta baita “politikariek izandako isiltasuna” gaitzetsi ere. Era berean, herritarren eta Azpeitiko Udalaren babesa eskertu zituen.
39 urte auzia argitu gabe
Aurten 39 urte bete dira Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. 1984ko martxoan gertatu zen. Egun batzuk lehenago, Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak eta, bere kideekin Pasaiako badian hitzordua egitera behartu zuten. Itsasontziz iritsi ziren Pasai Donibanera eta tiroka hartu zituen Poliziak. Dionisio Aizpuru “Kurro” eta Pedro Mari Isart “Pelitxo” azpeitiarrak eta Rafael Delas “Txapas” eta Jose Maria Isidro Izura “Pelu” iruindarrak izan ziren gertaera horretan hil zituzten lau kideak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Hildakoen senideek gertatutakoa argitzeko hainbat auzi bide hartu dituzte ordutik.
Pasa den astean eman zen argitara EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak Eusko Jaurlaritzak eskatuta egindako txostena. Senideen eskuetara iristeko hiru urte igaro dira, eta horren inguruko “haserrea eta mina” adierazi zuten senideek. “Giza eskubideen urraketa larriaren kasu paradigmatiko baten aurrean” gaudela eta Pasaiakoa ‘ejekuzio extrajudiziala’ izan zela adierazten du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eskatutako txostenak.