Bardeetako Tiro Poligonoaren berreskurapena irudikatu du Euskal Errepublikaren aldeko mugimenduak

Larunbatean Bardeetako tiro poligonoan sartu eta euskal errepublikaren aldarrikatuz Tiro Poligonoaren berreskurapena irudikatu zuen Euskal Errepublikaren aldeko mugimenduak.

2023-ko martxoak 6

Gogoratu zutenez, 37 urte pasa dira Hego Euskal Herrian NATOri buruzko erreferenduma egin zenetik, eta ezezkoa atera zen. “Urte luze hauetan euskal herritarron hitza ez da errespetatu eta badakigu aurrerantzean ere ez dela errespetatuko”, salatu du Ehun mugimenduak ohar bidez. Europan dagoen gerran NATOren parte hartzeak, “Espainiaren eta Frantziaren bitartez”, inplikatu dituela euskal herritarrak ohartarazi dute ere bai.

“Egoera honen aurrean, euskal herritarron aukera zentzuzkoena euskal errepublika dela uste dugu; NATOtik ateratzeko, mundu guztiarekin errespetuzko harremanak edukitzeko eta, azken finean, bizitza duinak izateko. Espainian eta Frantzian jarraituz gero, ezinezkoa egingo zaigu NATOtik ateratzea eta, ondorioz, gero eta orokorragoa izango den gerra egoeran buru belarri sartuko gaituzte. Frantziak eta Espainiak gerran nahi gaituzte”, dio Ehun mugimenduak.

Espainia eta Frantzia “NATOko txotxongiloak” direla eta NATOk “gerra nahi” duela azpimarratu ondoren “bakearen eta antimilitarismoaren aldeko borrokak, gaur eta hemen, NATOtik ateratzea esan nahi” duela aldarrikatu dute. “Eta NATOtik ateratzeak, derrigorrean, euskal errepublika esan nahi du”, ondorioztatu dute.

Espainiarengandik eta Frantziarengandik ezin dela ezer espero eta aldebakarrez jokatu behar dela dio Ehun mugimenduak.

Gehiago