Sindikalgintzatik ahotsa altxatuz
Mundua eta nazioarteko ordena aldatzen ari dira, eta hemendik aurrera ezer ez da berdina izango. Zalantza da, argitu beharrekoa, etorkizun hori nolakoa izango den, baina aldaketak gertatzen ari dira eta mugimendu sindikalak aldaketa horiei aurre egin behar die, langile klasea antolatuz, klase sindikalgintza feminista eta antirrazista eraikiz.
Koldo Saenz de Benito LABeko Nazioarteko Harremanen arduraduna
2023-ko otsailak 9
Errusiak Ukraina inbaditu eta erasotu izana justifikaezina da. Sistema kapitalista aseezinak, bizirik irauteko, elikatu behar duen piztiari bazka eman beharraren ondorio da gerra hau. Armagintzaren lobby-ak jokatzen ari diren papera salatu behar dugu, ondorio kalkulaezinak dituen gerra honetan haiek baitira onuradunak. Gerra guztietan beti gertatzen den bezala, gizonek beren nagusitasun hetero-patriarkalari eusteko asmoz dihardute, eta ondorioak herriak eta, bereziki, emakumeek* pairatzen dituzte.
Egungo testuinguruak badu antzekotasunik planeta gerra nuklear batera modu arriskutsuan hurbildu zuen 1962ko Kubako misilen krisiarekin. Hortaz, komunikabideetan ezarritako diskurtso belizistak elikatzea suizidioa eta arduragabekeria hutsa dira; are gehiago, lehian daudenak potentzia nuklearrak direla kontuan hartuta.
Errusiako komunikabideetako esatariek modu naturalean hitz egiten dute, gerra muturreraino gogortuko balitz, armategi nuklearra erabiltzeaz, eta, duela gutxi, Charles Richardek, Ameriketako Estatu Batuetako buruzagi militar nagusietako bat denak, The New York Times aldizkarian azaldu zuen orain bizi dugun Ukrainako krisi hau aurreberotze bat besterik ez dela, eta krisi handia (the big one) oraindik etortzear dagoela. Bestalde, Davoseko Foroan, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak, Ukrainan “bakerako bidea armak direla” esanez, armamentu modernoagoa agindu dio Ukrainari; aldi berean, Mendebaldeko potentziek Ukrainara tankeak bidaltzea onartu dute, tentsio belikoa are gehiago handituz.
Potentzia nuklearren asmoak zuzentzen dituztenen buruetan ezarritako espiral honen erdian, norabide nahiz posizio propiorik gabe eta erabat NATOren aginduen menpe dago Europa. Hain da zentzugabea Europaren egungo jarrera, ezen alderdi berdeek ere gerra danborren eta militarismoaren doinuan dantzatzen duten eta Europako gobernuek beren interesen aurkako politikak kontzienteki hartzen dituzten. Bitartean, beti bezala, langile klasea ari da ordaintzen eliteen eta potentzia hegemonikoen abentura belizisten ondorioak.
Langile-klaseak eta mugimendu sindikalak beti altxatu ditugu gerraren kontrako eta justiziazko bakearen aldeko banderak, eta orain ere berdina egin beharko genuke. Baditugu nazioarte mailan horretarako tresnak.
Munduko Federazio Sindikala 1945eko urriaren 3an sortu zen Parisen, garai hartako lehen klase-erakunde sindikal gisa, esplotazioaren, inperialismoaren, arrazakeriaren, patriarkatuaren eta klima-aldaketaren aurka, eta justizia sozialaren, nazioarteko elkartasunaren, bake justu eta iraunkorraren, nahiz herrien autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatzeko. Ia 78 urte beranduago, gaur egungo munduan, printzipio horiek zentzu osoa mantentzen dute.
Mugimendu sindikalak paper garrantzitsua jokatu du hainbat herritan gatazka politikoei konponbidea bilatzerakoan. Horren adibide batzuk dira Zipre berriz bateratzearen alde mugimendu sindikalak jokatzen duen papera, giza eskubideen urraketa ugariren biktima izan den Kolonbiako mugimendu sindikalaren papera bakea eta aldaketa politikoa lortzeko edota euskal sindikatuen arteko aliantzen garrantzia Lizarra-Garaziko bake prozesuaren leihoa irekitzerakoan.
2023ko mundua ez da Berlingo Harresia erori aurreko mundua, baina potentzia hegemonikoen arteko lehiaren ondorioak jasaten ari gara: alde batetik, geroz eta indartsuagoa den Txina nahiz eliza ortodoxoan eta iragan sobietarraren memorian oinarritutako Errusia kapitalista, eta, bestetik, atzeraka ari diren baina oraindik nagusi diren Ameriketako Estatu Batuak. Historia ez da amaitu, eta mundu berri bat zabaltzen ari da gure begien aurrean.
Horregatik, gure ustez, nazioarteko mugimendu sindikalak, beranduegi izan baino lehen, ozen eta garbi, gerra eteteko elkarrizketa, negoziaketa eta diplomaziaren aldarrikatu beharko lituzke, eta, horrekin batera herrien burujabetza, eta bizitzak erdigunean jarriko dituzten politikak exijitu, egunetik egunera muturrerago eta eskuinerago dagoen Europan feminismotik faxismoaren aurkako harresia altxatuz.