Osasungintzako langileak grebara joko dute otsailaren 15ean, sindikatuen deia jarraituz
Negoziazio-mahaiak debaluatzea egotzi diote LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOOko sindikatuek Osasun Departamentuari.
2023-ko otsailak 2
Osasun alorreko langile guztiak, sanitarioak eta sanitario ez direnak, grebara deitu dituzte Nafarroako Osasun Zerbitzuko LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOOko sindikatuek. Otsailaren 15ean eginen dute, osasun publikoko langileen lan baldintza eta ordainsariak hobetzea eskatzeko.
Osasuneko Mahai Orokorrean landu zuten lanuzterako deialdia, erizainen SATSE sindikatuak eta Medikuen sindikatuak uko egin zioten parte hartzeari hasieratik; eta atzo azken unean, baita AFAPNAK ere.
Nafarroako Gobernuak osasuneko plantilla erabat desmotibatzea lortu duela salatu dute, eta engainatuta sentitzen direla orain arte egindako proposamenei jaramon egin ez dielako. Kontrara, Medikuen Sindikatuarekin negoziatu eta proposamenak luzatu ditu Nafarroako Gobernuak. Hala, negoziazio-mahaiak debaluatzea egotzi diote sindikatuek.
Azaldu dutenez, greba-batzordea eta lanuztearen aurreabisua jakinarazita daude, eta Osasun departamentua haiekin harremanetan jartzeko zain daude. Bitartean datorren ostiralean elkarretaratze bat eginen dutela iragarri dute.